Ekonomia -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak 72 lanpostuko eskaintza publikoa onartu du aurtengorako
Lantaldea berritzea da helburua, izan ere, datozen hiru legegintzaldietan foru langileen erdiek hartuko dute erretiroa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko Lan Eskaintza Publikoa onartu zuen astearte honetan, 72 plazarekin. Horrela, 2018ko udazkenean onartutako 338 lanpostuko lan eskaintza publikoa osatuko du. Hautaketa prozesuak, ostera, datozen hiru urtetan onartuko dira.
Eider Mendoza foru bozeramaileak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, datozen hiru legegintzaldietan foru langileen erdiek hartuko dute erretiroa: "Beraz, aurrean daukagun erronka Aldundiaren belaunaldi aldaketa gauzatzea da, talentu berria erakarri eta egungo langileek duten jakintza eta eskarmentu galera ekidinez".
Hauek dira Lan Eskaintza Publikoaren baitan eskaintzen diren lanpostuak: Ogasuneko goi-mailako 25 teknikari; 23 suhiltzaile; obra eta proiektuetako 3 teknikari laguntzaile; zerga agente 1; 2 delineatzaile; erdi-mailako informatikari 1; erdi-mailako nekazaritza teknikari 1; erdi-mailako instalazioen teknikari 1; 2 erdi-mailako herri-lanen teknikari; 4 basozain; 2 goi-mailako artxibo teknikari; goi-mailako kultura sustapeneko 2 teknikari; 2 erdi-mailako zaharberritze teknikari; eta goi-mailako dokumentazio teknikari 1.
72 lanpostu horien % 10 desgaitasunen bat duten pertsonentzat izango dira.
Mendozaren esanetan, lan eskaintza publikoek bi fase izan ohi dituzte: lehenengoan, lan eskaintza publikoa bera eta plaza kopurua onartzen dira, hori da atzoko Diputatuen Kontseiluan egin dena; bigarrengoan, hautaketa prozesua onartzen da (datak, temarioak…).
"Hemendik aurrera, Aldundiak hiru urteko epea dauka, gaur iragarri ditugun plazen bigarren fasea onartu eta exekutatzen joateko", azaldu du Mendozak. Hautaketa proben egutegiari dagokionez, 72 plaza horiek aurretik onartutako lan eskaintza publikoei gehituko zaizkie, eta berriak diren postuen hautaketa probak prozesuaren amaieran egingo dira.