Ekonomia -
EGUZKI ENERGIA
Ekian, EAEko eguzki-parke handiena urte amaieran jarriko dute martxan
Ekimen publiko-pribatua da Ekian eguzki-parkea. Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN dira sustatzaile nagusiak, eta, denera, 22 enpresa inbertitzaile daude proiektuaren atzean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2019ko amaieran jarriko dute martxan Ekian eguzki-parkea, Euskal Autonomia Erkidegoko parke fotovoltaiko handiena. Erriberabeitian (Araba) dago kokatuta, Arasur industrialdean, eta sustatzaileen arabera, bertan ekoitziko den energia urtean 15.000 etxebizitzatan kontsumitzen denaren baliokidea da, batez beste. 24 MW-eko potentziari esker, gaur egun, EAEn instalatuta dagoen eguzki-potentzia bikoiztu egingo dela esan dute arduradunek.
Apirilean hasi zituzten lanak, eta lehenengo fasea amaituta dago. Lursaileko zorua egokitu dute lehendabizi, eta, orain, bigarren fasean, eguzki panelei eutsiko dieten egiturak jarriko dituzte.
Joan den uztailaren 8an jaso zituzten Bilboko Portuan parke berri honetan jarriko dituzten aurreneko panel fotovoltaikoak. Orotara, 66.000 ipiniko dituzte martxan.
Aurreikuspenen arabera, iraileko bigarren hamabostadirako panel guztiak dagokien egituretan jarrita egongo dira, eta behin prozesu hori amaituta, azken urratsari ekingo diote; sare eletrikora konektatuko dituzte egitura guztiak.
Azaroan egin nahi dituzte lehen produkzio frogak, eta urtea amaitu aurretik, parkea lanean egotea da helburua.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaur Ekian parkeko lanak ikusten. Horren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak energia-politika berrien alde lanean jarraituko du, "energiaren ekoizpena eraldatzeko eta bide berrietara zabaltzeko eta hedatzeko".
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala prestatzen ari direla azpimarratu du Urkulluk. "Sorkuntza fotovoltaiko bidezko planta gehiago izatea ahalbidetuko du horrek; energia garbiagoa eta teknologiaren garapena euskal enpresentzat", gaineratu du lehendakariak.
Lankidetza publiko-pribatua
Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN dira Ekian parkearen sustatzaile nagusiak. Jaurlaritzaren arabera, "egitasmo aitzindaria da, lehen aldiz eraman baitute aurrera horrelako eguzki-parke bat 22 enpresa inbertitzaileren bitartez, elkar hartuta"
Eguzki-energia berriztagarrien alorreko proiektu honetan egingo den inbertsioa 24 milioi eurokoa izango da.
Urkullurekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, Iñigo Uzin Mondragon Korporazioko presidentea, Miren Santamaria Erriberabeitiako alkatea eta Peio Ruiz Arasur Plataforma Logistikako presidentea ere izan dira bisitan.