Ekonomia -
Jantokietako gatazka
Jantokietako langileek greban jarraituko dute, beste astebetez
Sindikatuek mobilizazio gehiago deitu dituzte datorren astelehenerako Bilbon eta Donostian, eta astearterako Bilbon.
Erredakzioa
Eskola publikoetako jantokietako langileen asanbladak greba astebete luzatzea erabaki du gaur, “patronalaren immobilismoaren“ aurrean. Langileek, halaber, enpresek eta Eusko Jaurlaritzak eskatutako arbitrajea errefusatu dute.
Sindikatuen arabera, langileen asanbladak enpresen proposamenak errefusatu ditu, eta arbitrajearen bidea ukatu du. EAEko eskola publikoetako jantokien lan-gatazka orain dela urtebete baino gehiago hasi zen.
Laugarren greba astean sartzen den lan-gatazkari irtenbide bat emateko, langileen asanbladak “gatazkari tiritak jartzeari uzteko eta negoziatzen jartzeko” eskatu die Auzolagun, Gasca, Baska, Eures, Tamar, Magui eta Cocina Central Goñi enpresei.
Sindikatuek mobilizazio gehiago deitu dituzte datorren astelehenerako Bilbon eta Donostian, eta astearterako Bilbon.
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak “zentzuz” eta “arduraz” jokatzeko eskatu die sindikatuei eta eskoletako jantokiak kudeatzen dituzten enpresei.
Sailburuak agiri batean jakinarazi duenez, gatazkaren irtenbidea soilik “arbitrajearen bidetik” etor daiteke. Bide hori enpresek proposatu dute, baina ELA, LAB eta UGT sindikatuek ez dute onartu.