Ekonomia -

USTELKERIA

Victor Bravok dio ez zuela enpresa iruzurgilearen erabakietan parte hartzen

2003an, 2004an eta 2006an delitu fiskalak egin izana leporatzen diote EAJko senatari izandakoari. Fiskaltzak sei urteko kartzela-zigorra eskatzen du Bravorentzat.

Victor Bravo akusatua, epaiketa hasi aurretik. Argazkia: EFE
Victor Bravo akusatua, epaiketa hasi aurretik. Argazkia: EFE
Victor Bravo Gipuzkoako Ogasun zuzendari ohiaren kontrako epaiketa hasi da Donostian

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Victor Bravo EAJren senatari ohi eta 1991tik 2003ra Gipuzkoako Ogasunaren zuzendari izan zenari hiru zerga-iruzur delitu leporatzen dizkiote Glass Costa Este Salou SL higiezinen enpresa kataluniarraren harira, eta gaur hasi den epaiketan, ukatu egin du enpresaren erabakietan parte hartzen zuenik, izan ere, ez omen zuen "inolako ardura funtziorik" bertan, ez zen administrazio kontseiluko kide eta "%6,66ko parte-hartzea" besterik ez zuen.

Glass Costaren auziko epaiketa, Elkarteen Zergari 1,8 milioi euroko iruzurra egiteagatik abiatutakoa, gaur hasi da Donostiako Zigor-arloko 1 zk.ko Epaitegian.

Bravoz gain, Fernando Isidoro Gonzalez bere "lagun mina" eta Glass Costa Este Salouren administratzaile izan zenak ere deklaratu du akusatu gisa.

Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusatuentzat, eta Estatuaren Abokatutzak, Zerga Agentziaren ordezkari gisa akusazio partikular denak, bederatzira igotzen du eskaera.

Bravok bere burua defendatzen du epaiketan, beste abokatu baten laguntzarekin, eta jakinarazi du Glass Costa Este Salou sortu zenean, 2001ean, berak % 1,66ko parte-hartze zuzena zuela elkartean, eta "beste elkarte batzuen bidez beste % 5 gehiago"; hau da, "hasieratik bukaerara % 6,66ko parte-hartzea".

Azaldu duenez, Glass Costa Este Salou holdingaren hasierako zerga-egoitza Donostiako Loiola kalean zegoen, gero Tolosa etorbidera mugitu zuten, eta ondoren Portuetxeko lokal batera. Adierazi duenez, prozesu judiziala hasi zenean berak ez zekien enpresaren egoitza mugitu zutenik.

Bravok esan du Glass Costaren erabakiak Donostian hartzen zirela, baina ez omen zekien Tolosa etorbideko egoitzan beste 81 merkataritza elkartek zutenik zerga- egoitza, eta ez zuen "kudeaketa bakar bat" ere egin elkarte horretan.

Ukatu egin du, era berean, Ogasuneko zuzendari zenean Enpresak Sustatzeko Elkarteen erregimen berezian sartzeko espedientearen berri zuenik. Erregimen berezi hori EAEn soilik zegoen, dagoeneko ez dago, eta enpresei % 1eko Elkarteen Zerga soilik ordaintzeko aukera ematen zien, % 28a ordaindu beharrean.

Glass Costaren berregituratzeari dagokionez, Gonzalezek aitortu du bazekiela enpresak sustatzeko erregimenean sartu zirela, baina ez zuela dena "zehatz mehatz" ezagutzen.

"Indak esan zigun onena holding bat osatzea zela", azpimarratu du Glass Costa Este Salouren sorkuntza justifikatzeko, eta berretsi du elkarteen "akzioak edukitzea eta parte-hartze maileguak" ematea zela egiteko nagusia. Gonzalezek ere ukatu egin du Bravok erabakietan parte hartu zuenik.

Fiskaltzaren akusazioa

Sei urteko espetxealdia galdegin du Fiskaltzak. Horrez gain, 1,4 milioi euroko kalte-ordainak ordaintzea eskatu du.

Estatuaren abokatuak –akusazio partikular gisa aurkeztu da Zerga Agentziaren izenean-, berriz, bederatzi urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat. Halaber, 1,8 milioi euroko kalte-ordainak ordaintzea galdegin du.

Fiskaltzaren arabera, Bravok eta Glass Costa Este Salou sozietatearen administratzaileak plan bat prestatu zuten Tarragonako enpresa horri Gipuzkoako sozietateen gaineko zerga ezartzeko, Estatukoa aplikatu beharrean. Gipuzkoako zerga sistemak onura gehiago eskaintzen zizkion, baina horretarako ezinbestekoa zen konpainia Gipuzkoan egotea.

Hirugarren auzipetuaren laguntzarekin, bi auzipetuek estrategia bat diseinatu zuten sozietate horren egoitza fiskala eta administratzailea Gipuzkoan zeudela frogatzeko.

Bideoa: 2009an jaso zuen Fiskaltzak Victor Bravoren aurkako salaketa, ustezko iruzurragatik

2009an jaso zuen Fiskaltzak Victor Bravoren aurkako salaketa, ustezko iruzurragatik
2009an jaso zuen Fiskaltzak Victor Bravoren aurkako salaketa, ustezko iruzurragatik
2009an jaso zuen Fiskaltzak Victor Bravoren aurkako salaketa, ustezko iruzurragatik

1:12

Fiskalak azpimarratu duenez, Bravok oso ondo ezagutzen zuen lurralde horretan aplikatu beharreko zerga-araudia zein zen eta, ondorioz, bazekien iruzurra nola gauzatu zitekeen.

Horrela, Tarragonako sozietatearen egoitza Donostian, hirugarren auzipetuaren bulegoan, zegoela esan zuten. Administratzaileak, berriz, Bravoren etxeetako bat berea zela adierazi zuen.

Iruzurra gauzatuta, enpresa horri Gipuzkoako sozietateen gaineko zerga aplikatu zioten eta hainbat onura ekonomiko lortu zituen, Fiskaltzaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Delituak Iruzurrak berriak Epaiketak Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak