Ekonomia -
Lan gatazka Bizkaian
Metaleko sindikatuek beste zortzi greba egun deitu dituzte azarorako eta abendurako
Azaroaren 28 eta 29rako eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19rako deitu dituzte lanuzteak.
EITB.EUS
ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek grebara deitu dituzte berriro Bizkaiko metalgintzan lanean ari diren 50.000 beharginak. Urtea amaitu bitarte, zortzi greba egun egingo dituzte, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) "negoziatzeko borondaterik ez" duela ikusita.
Sindikatuon ordezkariek patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean iragarri dutenez, honako egunetan deitu dituzte lanuzteak: azaroaren 28 eta 29rako eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19rako.
Greba deialdia goizean erregistratu dute Eusko Jaurlaritzan. Ondoren, FVEMren egoitzara joan dira, "kanpaldi informatiboa" egitera. Arratsaldean, manifestazioa egingo dute Bilbon, Euskadi plazatik abiatuta.
"Lan hitzarmen duina" eskatzeko, 10 greba egun egin dituzte metalgintzako langileek azken hilabeteotan. Negoziazioek ez dute oraingoz fruiturik eman, baina bihar biltzekoa da berriro mahai negoziatzailea. Horrez gain, datorren astean ere beste bi batzar dituzte deituta.
Orain arte lau aldiz bildu dira, baina aurrerapausorik ez
Urrian egindako azken greben ondotik, lau aldiz bildu dira patronala eta sindikatuak. Azken horien arabera, elkarrizketotan ez dute "ia ezer ez" aurreratu, Mikel Etxebarria ELAren ordezkariak salatu duenez.
Etxebarriaren esanetan, batzarrik "txarrena" atzokoa izan zen. FVEMk ez zien sindikatuek egindako proposamenei erantzun eta ez zuen "negoziatzeko borondate txikiena ere" erakutsi. Beraz, greba gehiago deitzeko eta "borrokan jarraitzeko" beste aukerarik ez dutela nabarmendu dute.
Luis Moulia CCOOren ordezkariaren arabera, azken asteotan "bereari eutsi dio patronalak, eta ez du proposamen berririk egin; soldatan eskaintza txiki bat baino ez. Sindikatuok laneko osasuna, aldi baterako lana eta behin-behinekotasuna hobetzeko ere egin ditugu proposamenak".
Mouliaren ustez, FVEMk "denbora irabazi nahi du. Egin dizkiogun proposamen batzuen inguruan erantzun digu ez duela arlo horretan aditurik eta erantzuteko denbora behar duela. Ez da egia, ezta onargarria ere. Zortzi urte daramatzagu lan hitzarmen barik".
Negoziazioetan honako eskaerak egin dituzte sindikatuek: soldatak igotzea galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko, azpikontratetan subrogazio eskubidea arautzea, aldi baterako enplegua eta aldi baterako lanerako enpresen erabilera kontrolatzea, lan osasunean aurrerapausoak egitea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzea.