Ekonomia -

Lan gatazka

Irailerako eta urrirako beste bost greba egun deitu dituzte Bizkaiko metalgintzan

Irailaren 30ean eta urriaren 1, 2, 3 eta 4an izango dira. Gainera, sindikatuek manifestazioak deitu dituzte ostegunerako, hainbat lantegiren aurrean.

Prentsaurrekoa FVEMen egoitzaren aurrean, Bilbon. Argazkia: ELA
Irailerako eta urrirako beste bost greba egun deitu dituzte Bizkaiko metalgintzan.
Prentsaurrekoa FVEMen egoitzaren aurrean, Bilbon. Argazkia: ELA

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko metalgintzako 50.000 behargin baino gehiago beste bost greba egun egitera deitu dituzte ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, irailaren 30erako eta urriaren 1, 2, 3 eta 4rako, hitzarmen "duin" bat aldarrikatzeko.

Deialdia Eusko Jaurlaritzan erregistratu ondoren, sindikatuetako ordezkariek mobilizazio egutegi berria jakitera eman dute prentsaurrekoan, FVEM Bizkaiko metal enpresen federazioko egoitzaren aurrean, Bilbon. ESK, CGT, USO eta CNTk bat egin dute.

Jadanik sektoreak bost greba egun egin ditu, maiatzaren 23an eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean. Metalgintzako hitzarmena 2011tik berritu gabe dago.

Grebez gain, sindikatuek manifestazioak deitu dituzte ostegunerako, hainbat lantegiren aurrean: Bilbo (Elecnor enpresaren aurrean), Muskiz (Petronor konpainiaren aurrean), Erandio (Murueta ontziola), Durango (Layde Steel) eta Igorre (Ormazabal).

Patronalaren "negoziatzeko borondate falta" kritikatu dute sindikatuetako ordezkariek. Sektorean "prekarietatea eta baldintza kaskarrak" inposatu nahi izatea egotzi diote patronalari. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren "jarrera lotsagarria" salatu dute, gatazkan "iritzirik eman" ez eta "errepresioarekin" erantzun duelako.

Sindikatuen ahotan, "langileriari eraso eta botere ekonomikoei laguntzea", hori izan da Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Exekutiboko kideak "FVEMen esanetara dauden morroi leialak" dira, erantsi dutenez.

Egindako greben jarraipena txikia izan dela dionean, "gezurretan" aritzea leporatu diote sindikatuek patronalari. Zentzu horretan, jarraipena % 70 baino handiagoa izan dela ziurtatu dute sindikatuek. Enpresaburuen "utzikeria" eta "arduragabekeria" salatu dute.

Bestalde, beste bost greba egunen deialdia "arduragabekeriatzat" jo du FVEM patronalak.

Sindikatuen jarrera "EAEko industria sarea arriskuan jartzen ari da, Bizkaiko enpresen lehiakortasunari eta kalitatezko lanpostu egonkorren sorrerari kalte eginez", gaineratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Lan gatazkak Metalgintza albisteak