Ekonomia -

Lan-gatazka Bizkaian

Araluce eta Cables y Alambres mantentzeko 'alternatibak' aztertzen ari da Jaurlaritza

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak aitortu du ez dela "erraza" enpresa horien egoera konpontzea, "merkatuaren menpe daudelako".

Araluceko langileen mobilizazioa, Igorren. Argazkia: @ABizirik
Araluceko langileen mobilizazioa, Igorren.
Araluceko langileen mobilizazioa, Igorren. Argazkia: @ABizirik

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araluce eta Cables y Alambres enpresetako zuzendaritzek egoera konpontzeko "borondatea eta lana" erakutsi dutela defendatu du ostiral honetan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Horren harira, Eusko Jaurlaritza "beste aukera batzuk" lantzen ari dela nabarmendu du, enpleguari eutsi eta enpresek "beren jarduerarekin jarrai dezaten". "Hori ez da erraza, merkatuaren menpe daudelako", azaldu du.

Gaurko Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Tapia sailburuari galdetu dio ea zer erantzun ematen ari den Eusko Jaurlaritza Araluce (Igorre) eta Cables y Alambres (Erandio) Bizkaiko enpresen egoeraren aurrean.

Mondragoi Korporazioaren barruan dagoen Batzek joan den urrian jakinarazi zuen autoen industriarako trokelak egiten dituen Araluce enpresa ixteko asmoa, eta horrek bere 141 langileen kaleratzea ekarriko luke.

Vicinay taldeko Cables y Alambres enpresa, berriz, hartzekodunen konkurtsoan dago. 122 langile ditu, eta proiektu industrialean interesa duten inbertitzaileei dei egin die, negozioa "errentagarria" dela nabarmenduz, Estatuan kable fabrikatzaile bakarrak direlako eta bezero zorro "garrantzitsua" dutelako.

Tapiaren ustez, enpresa horien "arazoak" pribatuak dira, "langileen eta enpresaren artekoak". Hala ere, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren lan ildoetako bat dela arazoak dituzten enpresei laguntzea, haiekin batera joatea eta konponbidea bilatzeko bitartekoak jartzea.

Era berean, gogorarazi du Jaurlaritzak protokolo bat duela enpresen egoera horiek lantzeko, "baina ez hedabideetan", baizik eta "zuzendaritza kontseiluekin eta langileekin, irtenbide egokia bilatzeko".

Sailburuaren esanetan, enpresetako zuzendaritzek -Batz eta Vicinay- langileei "alternatiba" bat proposatu diete, eta horiek "ukatu" egin dute. "Ezin da ukatu borondatea eta lana egon direla alderdi pribatuaren eta Gobernuaren aldetik", adierazi du.

Casanovak, berriz, kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak "langabeziak eta desindustrializazioak oso kaltetutako bi eskualdetan kokatutako" bi enpresa horien egoerarekiko duen jarrera. "Agertzen direnean beti da berandu, eta aldeetako batek eskatuta", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Mondragon korporazioa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Igorre Enpresaburuak Lan gatazkak