Ekonomia -
Ekoizpena
Euskal Herriak 12,2 milioi litro sagardo ekoitzi ditu 2019an
Gipuzkoan 11,3 milioi litro egin dituzte; Ipar Euskal Herrian 450.000; Nafarroan 200.000; Bizkaian 160.200 eta Araban 110.000.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal sagardotegiek aurtengo sagar uztarekin 12,2 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte 2019an. "Kantitate eta kalitate handiko" uzta izan dela azpimarratu dute.
Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko sagardogileen elkarteek ekoizpenaren berri eman dute larunbat honetan, Donostiako Sagar Apuruan egindako ekitaldian. Boulevard Zumardian dolare baserria jarri dute, sagardo munduko ohitura zaharrak islatzeko.
Gipuzkoako Sagardo Elkarteak ohar batean jakitera eman duenez, Gipuzkoan 11,3 milioi litro egin dituzte; Ipar Euskal Herrian 450.000; Nafarroan 200.000; Bizkaian 160.200 eta Araban 110.000.
Udaberri eguzkitsua eta loraldi luzea izan dela gogorarazi du iturri berdinak. Sagarrak etekin "handia" izan duela azpimarratu dute ekoizleek.
Gainera, urriko tenperatura goxoek lagunduta, sagardoak azkarrago irakin eta "intentsitate handiko usain gozoa" du.
Oro har, sagardo berriak "gorputz eta egitura", "karboniko finen presentzia", freskura eta alkohol gutxiago ditu, baina sagardotegi bakoitzaren produktuak bere ezaugarri propioak ditu.
Euskal sagardotegiek 800.000 bat bisitari hartzen dituzte urtero, urtarriletik maiatzera bitartean; hala ere, urte osoan zehar zabalik diren establezimenduak gero eta gehiago dira.