Ekonomia -

Lan-istripua

Perez San Roman eraikuntza enpresak azpikontratatutako behargin bat hil da Gasteizen

Hildakoa bilbotarra zen, eta Estructuras Metalicas Frutos enpresako langilea. ELAk salatu duenez, 2020an 12 langile hil eta beste bi desagertu dira dagoeneko.

Perez San Roman enpresaren egoitza Gasteizen. Irudia: Google Maps
Perez San Roman enpresaren egoitza Gasteizen. Irudia: Google Maps
Perez San Roman enpresaren egoitza Gasteizen. Irudia: Google Maps

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da Gasteizen, eraikuntza sektorean, ELA sindikatuak ohar baten bidez aurreratu duenez. Ezbeharra asteazkenean gertatu zen. Behargina larri zauritu eta egun bat beranduago hil egin zen ospitalean, istripuak eragindako lesio larrien ondorioz.

Perez San Roman enpresaren obra batean lanean zebilen langile azpikontratatua, oraindik argitzeke dauden arrazoiak medio, hil egin zen.

Errege atea kaleko eraikuntza batean gertatu zen ezbeharra. Osalaneko teknikari bat ostiral honetan bertaratu da, istripuaren inguruabarrak ikertzeko; izan ere, ez zen lekukorik izan. Lankideek biktima lurrean, konorterik gabe, aurkitu eta abisua eman zuten, Osalanek zehaztu duenez.

CCOO sindikatuak erantsi duenez, gizon bilbotarra Estructuras Metalicas Frutos enpresako langilea zen, baina Perez San Roman eraikuntza konpainiarentzat ari zen lanean. Sindikatuko iturriek azaldu dutenez, "behargina soldatzen ari zen eskailera batean igota", baina honen inguruko bertsio kontraesankorrak eman dituzte.

Horrela, langilea eskailera batean igota soldadura egiten ari zenik ukatu dute Estructuras Metalicas Frutos enpresako iturriek, eta gertatutakoa ikertzen ari direla gaineratu dute.

Gertatutakoaren berri izan ondoren, lan-istripuak salatzeko adierazpen instituzionala egiteko proposamena aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan, 2020 "zorigaiztoko urtea" izaten ari delako.

Urtea hasi denetik 12 behargin hil dira (gehi desagertutako bi langile) lan-istripuan. "Eraikuntza sektorea, zoritxarrez, ezbehar-tasa altuko sektorea da eta hau lan-baldintza geroz eta prekarioagoen isla argia da", salatu du sindikatu abertzaleak.

"Egoera larri honen aurrean, langileen osasuna eta bizitzaren kontura kostuak aurreztea beste helbururik ez duen era honetako gehiegizko jardueren kontrako berehalako neurri publikoak", eskatu ditu ELAk.

ELAk bere "babes eta elkartasuna" adierazi die hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei. "Urtero 50 pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten duen lakra" honen aurka mobilizatzeko dei egin du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bilbo berriak ELA albisteak LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Sindikatuak Enpresak Araba