Ekonomia -

Greziaren bigarren erreskatea

Goi-bileran emaitza 'ikusgarririk' lortzea baztertu du Merkelek

Greziako zorrari irtenbide bat bilatzeko "ez bihar, ezta ostegunean ere, pauso ikusgarririk ematea ezinezkoa" izango dela ziurtatu du Alemaniako kantzelariak. Gai oso konplexua dela erantsi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean euroguneko buruzagiek ezohiko goi-bilera egin behar dute Greziako zorraren arazoei konponbide bat emateko, baina bileran emaitza "ikusgarririk" lortzea baztertu du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzelariak.

Greziako zorrari irtenbide bat bilatzeko "ez bihar, ezta ostegunean ere, pauso ikusgarririk ematea ezinezkoa" izango dela ziurtatu du Alemaniako kantzelariak. Gai oso konplexua dela erantsi du Merkelek Hannoveren (Alemaniako ipar-mendebaldean) emandako prentsaurrekoan. Alemaniako agintaria Dimitri Medvedev Errusiako presidentearekin bildu da.

Greziako krisiaren irtenbidea "prozesu kontrolatu eta eskuperatu" baten eskutik etorri behar dela gaineratu du Merkelek, zorra murrizteko eta ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko neurri ezberdinak martxan jarriz.

Merkelen hitzetan, "erantzukizun politikoak serio hartzen dituenak" ondorioak saihestu behar ditu, nahiz eta arazoak agendatik behin betiko "desagertu" nahi izatea "gizalegezkoa" izan.

Aukera ezberdinak

Azken egunetan, Greziako egoerari aurre egiteko aukera ezberdinak planteatu dituzte Bruselak eta Berlinek. Besteak beste, zorraren zati bat barkatzea edo berregituratzea, eurobonoak edo euroguneko zorraren tituluak igortzea eta Europako Erreskate Fondoaren ekarpenak (FEEF) berriro erostea proposatu dute.

Euroguneko buruzagiek "zeregin historikoa" dutela azaldu du Merkelek. Gainera, "euroa guztientzat ona" dela errepikatu du berriro. "Egun eurorik gabeko Europa bat ulertzerik ez" dagoela erantsi du Alemaniako kantzelariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea