Ekonomia -

Koronabirusa

Arantxa Tapia: "Enpresak ixtea gehiegizkoa da egun, ez dago horretarako beharrik"

Enpresa batzuk hornidura arazoak izaten hasi dira, bereziki Txinako hornitzaileak dituztenak. Hori dela eta, patronalarekin eta enpresa elkarteekin bilduko direla iragarri du.

Arantxa Tapia. Argazkia: EiTB
Arantxa Tapia.
Arantxa Tapia: ''Enpresak ixtea gehiegizkoa da; ez dago arriskurik''

2:36

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren agerraldiak mundu osoko ekonomian eragina duen arren, Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusten oraingoz enpresak ixtea, une honetan "gehiegizko neurria" dela iritzita. Izan ere, Osasun Sailak emandako gomendioak oraingoz nahikoa direla uste du, ez baitago arrisku handiagorik.

Hala azaldu du ostegun honetan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketan. Halaber, koronabirusa ekoizpenean izaten ari den eragina aztertzeko asmoz, datorren astean Jaurlaritza patronalarekin eta enpresa elkarteekin bilduko dela iragarri du.

Tapiak onartu du euskal enpresa batzuk hornidura arazoak izaten hasi direla, bereziki Txinako hornitzaileak dituztenak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza kaltetutako enpresei laguntzeko prest dagoela esan du sailburuak.

"Osasun Sailak ematen dituen gomendioak jarraitu behar ditugu, eta orain arte oso argi esan digu gaixotutako pertsonak noiz gelditu behar diren etxean. Oso zorrotz jokatu behar dugu eta tentuz ibili behar gara", esan du Tapiak.

Ildo horretatik, norberaren usteetan oinarritutako erabakiak hartzea "oso arriskutsua" izan daitekeela ohartarazi du, eta enpresari guztiei ohar bat bidali dietela azaldu du, "Osasun Sailak bere webgunean egunero ematen dituen jarraipenak arretaz begiratzeko eskatuz".

"Gurean enpresa bat ixtea gehiegizko neurria izango litzateke gaur egun, ez dagoelako horretarako beharrik eta sailburuak esaten digu euste fasean gaudela. Ez ditugu hainbeste kasu; ez daukagu horrelako arazorik duen enpresarik", ziurtatu du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak.

Lan Ministerioaren gida batek polemika piztu du Espainian

Bestalde, Espainiako Gobernuak ostegun honetan argitu duenez, koronabirusaren bilakaerari eta gaixotasunari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruzko argibide guztiak Osasun Ministerioak ematen ditu. Izan ere, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak lan-arloan jarduteko atzo zabaldutako gida batek polemika handia piztu du Estatuan.

CEOEk eta Cepymek kaleratutako ohar baten arabera, "akats larria" da "alerta eta nahasmena" sortzen dituen gida hori zabaldu izana, horien ustez, edukia ez datorrelako bat Osasun Ministerioak egindako adierazpenekin.

Moncloak azpimarratu duenez, ordea, Osasun Ministerioaren argibide zehatzak jarraitzen ditu Espainiako Gobernuak, eta egoeraren jarraipen etengabean, informazio gardena ematean, datu zientifikoetan eta Estatuko administrazioen arteko "erabateko koordinazioan" oinarritzen dira gomendio horiek.

Yolanda Diazek (Unidas Podemos) zuzentzen duen Lan Ministerioak atzo enpresei igorri zien gida horren arabera, lantoki bateko jarduera berehala eten beharko litzateke koronabirusa hedatzeko arrisku "larria, berehalakoa eta saihestezina" badago.

Lan-arloan jarduteko gida horren harira, PPk iragarri du Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen agerraldia eskatuko duela Kongresuan, koronabirusari buruzko ministerioen arteko batzordeko arduradun nagusia den aldetik, izurrite horren aurrean hartu beharreko neurriak azal ditzan, eta, bereziki, Lan Ministerioaren gomendio horien edukia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Gripea Koronabirusa