Gizartea -

Koronabirusa

Basurtuko Ospitaleak kafetegia itxi du, koronabirusaren hedapenari aurre egin nahian

Zuzendaritzak pertsona-taldeen bilerak saihesteko agindua eman du, eta higiene eta garbiketa-neurriak zorroztu ditu gaitza zabal ez dadin.

Basurtuko Ospitalea. Artxiboko argazkia: Jesus Maria Tortajada
Basurtuko Ospitalea.
Basurtuko Ospitalea. Artxiboko argazkia: Jesus Maria Tortajada

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basurtuko Ospitaleak kafetegia eta langileentzako jangela itxi ditu gaur, osteguna, toki horietan jende ugari biltzea saihesteko. Horrez gain, beste neurri higieniko batzuk ere hartu ditu koronabirusaren hedapenari aurre egin nahian. Gauzak horrela, erietxeko jangelak zaintza luzeetako txandetan soilik emango du zerbitzua.

Ospitale horretako iturriek jakitera eman dutenez, zuzendaritzak pertsona-taldeen bilerak saihesteko agindua eman du, eta higiene eta garbiketa-neurriak zorroztu ditu, hala nola ordenagailuak erabili ondoren produktu desinfektatzaile batekin garbitzea, eta ospitaleratutako pazienteei eta horien bisitariei korridoreetan ibiltzea debekatzea.

Halaber, logeletan egotea eta bisitan doazen senideen artean txandarik ez egitea gomendatu du zuzendaritzak, baita eskuak maiz garbitzea ere.

Basurtuko Ospitaleak kafetegia eta langileen jantokia itxi ditu goizean, duela egun batzuk hainbat patologiarekin larrialdietara iritsi zen pertsona bat ospitaleratu eta COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren probetan positibo eman ostean. Gaixoa Gurutzetako Ospitalera eraman dute, eta han dago ospitaleratuta, iturri berberek jakinarazi dutenez.

Dagoeneko 21 kasu atzeman dira Euskadin (16 Araban, 2 Gipuzkoan eta 3 Bizkaian), eta atzo bertan koronabirusa zeukan pertsona bat hil zen Bizkaian. Gainera, 250 bat pertsona isolatuta daude prebentzio modura, gaitza zabal ez dadin; horietatik, ehun inguru osasun arloko langileak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Bizkaia Gipuzkoa Araba Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Gripea Koronabirusa