Ekonomia -

KORONABIRUSA

Gipuzkoak eta Arabak errenta aitorpena atzeratu dute koronabirusagatik

Neurriak errentaren kanpainan aurkezten diren aitorpenen % 20ri eragiten die.

Errenta kanpaina. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Errenta kanpaina
Errenta kanpaina. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Ogasunak errenta mekanizatuaren modalitatea atzeratzea erabaki du, bulegoetan bertan egiten dena, koronabirusaren hedapenak sortutako "egoera normalizatu arte".

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, neurriak errentaren kanpainan aurkezten diren aitorpenen % 20ri eragiten die.

"Egoerak zergadunen osasunerako berme guztiekin eskaintzea ahalbidetzen duenean" jarriko da martxan zerbitzua, Eider Mendoza bozeramaileak azaldu duenez.

2019ko errenta kanpainak beste bi modalitateei eusten die, lurraldeko 200.000 zergaduni baino gehiagori bidaliko baitzaizkie normaltasunez likidazio proposamenak eta aitorpena internet bidez ere aurkeztu ahal izango da.

Foru Ogasunak neurriak hartuko ditu enpresa txiki eta ertainei zerga betebeharrak ordaintzeko erraztasunak emateko, eta, horretarako, geroratzeen muga handituko du, "finantza merkatuetan edo enpresa txiki eta ertainetan eman daitezkeen likidezia murrizketei aurre egiteko".

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak irailera arte atzeratu du foru bulegoetan adierazpenak egiteko aurrez aurreko arreta.

Foru Gobernuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia buru duela, neurri berriak hartu ditu koronabirusaren hedapena geldiarazteko, lurralde horretan kutsatzeak etengabe ugaritzen ari direlako, eta online izapidetzea bultzatuko du Rentared modalitatearen bidez.

Finantza erakundeek eta gestoriek errenta aitorpenak egiteko zerbitzuari eusten badiote, foru ogasunak likidazioak ohiko epean jasotzen jarraituko du, apirila eta ekaina bitartean, nahiz eta epeak luzatu eta irailean eta urrian ere jasoko dituen likidazio horiek.

Era berean, apirilean 100.000 zergadun baino gehiagori etxera bidaltzen zaizkien Rentafácil aitorpen proposamenak onartzeko online izapideen epeak mantentzen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Errenta aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia