Itxi

2020/03/20

17:34

Ekonomia

Koronabirusa

Mercedesek aldi baterako erregulazioa ezinbestean proposatu du Gasteizen

Agentziak | Erredakzioa

Fabrikan 5.000 langile daude, eta EAEko handiena da. Ekoizpena astelehenetik du etenda, hilaren 16tik, koronabirusagatik.

  • Gasteizko Mercedes fabrika

    Gasteizko Mercedes fabrika. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gasteizko Mercedes-Benz fabrikako Zuzendaritzak aldi baterako lan-erregulazioa proposatu dio Enpresa Batzordeari, ezinbestean, koronabirusari aurre egiteko; izan ere, koronabirusagatik, ekoizpena etenda dago bertan, astelehenetik (hilaren 16tik).

Ostiral honetan, bi aldeak batu dira, "aurretik ikusi ezin zen ekoizpenaren etenaldi ezohiko" honi heltzeko. Bere garaian enpresak azaldu zuenez, "kutsadurak murrizteko eta kaltetuen hedapena moteltzen laguntzeko" adostu zuten etenaldi hori.

Bileran, Zuzendaritzak aldi baterako lan-erregulazioa aurkeztea proposatu du, ezinbesteko kasua izateagatik; hilaren 16rako atzeraeginezko ondorioa izango luke espediente horrek.

Sindikatuek eskaini dute etenaldiko egun batzuk hitzarmenean adostutako malgutasunaren barnean hartzea; horretarako, enpresari eskatzen dio Espainiako Gobernuak aldi baterako lan-erregulazioen gaineko Dekretuan jasotakoa baino "zerbait gehiago" ekartzea (Dekretua asteartean onartu zuten).

Zuzendaritzak proposamen hori aztertzeko konpromisoa hartu du, eta bi aldeak asteartean bilduko dira berriro, akordio bat adostu nahirik.

Batzordeak, nolanahi ere, gogorarazi du horrelako espedienteetan ez dela beharrezkoa negoziatzea edo sindikatuekin akordio bat ixtea. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;