Gizartea -

KORONABIRUSA

Koronabirusak 23 hildako utzi ditu Euskal Herrian azken orduotan

Heriotza horietatik, 18 EAEn izan dira, lau Nafarroan eta bat Ipar Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.465 dira COVID-19 gaitza dutenak, eta Nafarroan 593.lau

Mikel Sanchez, Osakidetzako Planifikazio zuzendaria, gaur.
Mikel Sanchez, Osakidetzako Planifikazio zuzendaria, gaur.
Koronabirusa zuten 18 pertsona hil dira EAEn azken orduetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitza zuten 18 pertsona hil dira azken orduotan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, horrenbestez, 71 dira jada koronabirusak eragindako heriotzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak gaur eguerdian emandako datuen arabera, 275 koronabirus kasu berri atzeman dituzte atzotik, eta, azken datuen arabera, 1.465 dira EAEn COVID-19 gaitza dutenak; horietako 550 ospitalean daude.

Sanchezek aitortu duenez, datu "oso kezkagarriak" dira, eta EAEn orain arte izan den hildakoen gorakadarik handian da azken orduotakoa. Adituen aurreikuspenak betetzen ari direla esan du. Azken 24 orduotan hil diren gaixoetako batek 50 urte baino gutxiago zituela gaineratu du.

Araba da EAEn koronabirusak gogorren astindu duen lurraldea; denera, 48 herritar hil dira bertan eta 703 daude kutsatuta (82, azken orduotan); gaixoen 224 ospitalean daude.

Bizkaian, berriz, 539 dira COVID-19ak jota daudenak (146, azken orduotan), eta horietako 247 daude ospitalean; 17 pertsona hil dira orain arte.

Gipuzkoa da, oraingoz, kutsatu kopuru txikiena duen EAEko lurraldea: 223 pertsona daude koronabirusak jota (47, azken orduotan), eta orotara 6 pertsona hil dira. 79 pertsona daude erietxean.

Gaitza harrapatu duten gaixoen artean, 21 sendatu direla azpimarratu du Sanchezek. Datuon aurrean, "salbuespen-egoera larri honetatik" ateratzeko asko falta dela esan du, eta, beraz, "ardura" eskatu die berriro herritarrei.

Osakidetzak, orain arte, 5.300 koronabirus-test egin ditu, eta Osasun Ministerioak iragarritako "test azkarrak" prest egon orduko hasiko dira erabiltzen EAEko osasun-zentroetan.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak, bestalde, asteon koronabirusagatik zendu den Osakidetzako erizaina izan du gogoan. Horren hitzetan, osasun arloko langileen segurtasuna bermatzea "lehentasuna" da Jaurlaritzarentzat, eta horretara ahal duten baliabide gehien bideratuko dute. Aurreratu duenez,  iritsi berri diren 400.000 maskarila eta 3.000 mantal banatzen ari dira osasun-zentro guztietan.

Gaixo arinak hartzeko hotelak egokituko al dituzten galdetuta, Sanchezek esan du, oraingoz, ez dutela neurri hori hartzea erabaki, baina beharrezkoa izanez gero ez dutela aukera baztertzen zehaztu du.

Nafarroa

Nafarroan, berriz, beste lau pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz azken orduotan. Hildakoak 69 urteko gizon bat, 88 urteko beste bat, 73 urteko emakume bat eta aurretik patologiarik ez zuen 80 urteko emakume bat izan dira.

Lehenak, koronabirusagatik orain arte Nafarroan zendu den gaixo gazteenak, aurretik beste patologia batzuk zituen, eta zainketa aringarriak jasotzen ari zen. Foru Gobernuak jakitera eman duenez, martxoaren 16an ospitaleratu zuten, Iruñeko San Juan de Dios erietxean, COVID-19aren probetan positibo eman ondoren.

88 urteko gizonak patologia kronikoa zuen; Nafarroako Ospitale Gunean ospitaleratu zuten hilaren 12an. 73 urtek emakumeak, aldiz, patologia kronikoa ere bazuen, eta Nafarroako Ospitale Gunean hilaren 17an ospitaleratu zuten, Zainketa Intentsiboetako Unitatean.

Azkenik, 80 urteko emakumea Tuteran hil da, ostegunetik ospitaleratuta egon eta gero, eta ez zuen aurrez bestelako patologiarik.

Santos Indurain Osasun kontseilariak jakitera eman duenez, azken datuen arabera 593 dira Foru Erkidegoan koronabirusak kutsatutakoak: horietatik, 195 ospitalean daude, 21 Zainketa Intentsiboetako Unitatean.

Egoera larria bada ere, "datu positibo" modura gaixorik egon den pertsonetako bat sendatu dela eta osasun sendagiria jaso duela azpimarratu du kontseilariak.

Denera, bederatzi pertsona hil dira COVID-19 gaitzak jota Nafarroan.

Ipar Euskal Herria

Bestalde, koronabirusak lehendabiziko hildakoa utzi du Ipar Euskal Herrian. Atharratzeko gizonezko bat zen hildakoa, eta Paueko Ospitalean zendu zen.

Paueko prefekturak jakitera eman duenez, 21 COVID-19 kasu atzeman dituzte Pirinio Atlantikoan, krisia hasi zenetik.

Espainian, 1.002 hildako eta 19.980 kutsatu

Egunero bezala, Espainiako Osasun Ministerioak ere agerraldia egin du, azken orduko datuak emateko: denera, 19.980 koronabirus kasu daude Espainiako Estatuan. Azken 24 orduotan, 2.833 kasu berri baieztatu dituzte, eta 235 pertsona hil dira. Denera, 1.002 pertsona hil dira COVID-19ak jota.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa