Ekonomia -

KORONABIRUSA

Etenaldia guztiontzat berdina izango dela erantzun dio Espainiako Gobernuak Urkulluri

Zein jarduera eten erkidego bakoitzak erabakitzea eskatu du Urkulluk baina "guztiok berdin jokatu behar dugu; bestela, batzuen esfortzuak ez du emaitzarik emango" erantzun dio Montero ministroak.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Ekonomia ''hibernazioan'' geratuko da ezinbestekoak ez diren jarduerak geldituz

1:55

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren ezohiko Ministroen Kontseiluak bihartik hasi, eta bi astez, oinarrizkoak ez diren sektoreen jarduna eten duen dekretua onartu du goizean, atzo Pedro Sanchez presidenteak iragarri bezala.

Erabaki hori ez du begi onez ikusi Iñigo Urkullu lehendakariak. Hala, bart gutuna bidali zion Sanchezi, zein jarduera eten erkidego bakoitzak erabaki ahal izatea eskatuz, eta gaur, dekretu horren "inposizioa" salatu du, Ministroen Kontseiluaren ostean Espainiako presidenteak eta autonomia erkidego guztietako presidenteek egin duten bideokonferentzian. Urkullu eta Nuñez Feijoo Galiziako presidentea izan dira enpresak itxiko dituen dekretuaren aurka agertu diren bakarrak.

Azken egunotan etenaldi horrek "koma ekonomikoa" ekarriko zuela esan izan du Urkulluk eta ildo beran, gaur Feijook esan du ez duela uste "neurri honen ondorioak behar bezala aztertu direnik".

Dena dela, Euskadik "erantzukizunez" jokatuko duela ere esan dio Urkulluk Sanchezi.

Oinarrizkoak ez diren sektoreen behin-behineko etenari dagokionez, Arantza Tapia Jaurlaritzako Industria sailburuak ere esan du industriaren eta eraikuntzaren itxierak sortuko duten krisi ekonomikoa "denborarekin, orain koronabirusak eragin duen osasun krisia baino larriagoa" izan daitekeela.

Espainiako Gobernuak, baina, argi du hau dela neurri hauek ezartzeko une egokia. Azken 24 orduetan, izan ere, 838 pertsona hil dira Estatuan.

Hala, gaur onartutako konfinamendua gogortzeko neurriak Estatuko autonomia erkidego guztietan aplikatzea defendatu du, salbuespenik gabe, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak. "Ez du zentzurik erkidegoen artean desberdintasunak egiten hasteak, birusak ez baitu ez muga, ez ideologia, ez klaserik bereizten" argudiatu du Monterok.

Kontseiluaren ostean eman duten prentsaurrekoan, Monterok adierazi du erkidego guztiek "berdin jokatzea" "oinarrizkoa eta behar-beharrezkoa" dela koronabirusari aurre egiteko.

Europar Batasun osoak ere "modu berdinean" jokatu beharko lukeela gaineratu du, baina Estatu bakoitza subiranoa denez, ezin dela "agindu" horrelakorik, baina Espainiako Estatuaren muga barruan "guztiok berdin jokatu behar dugu; bestela, batzuen esfortzuak ez du emaitzarik emango" esan du Montero ministroak.

"Ez da banatuta aritzeko unea eta ezberdintasunak nabarmentzekoa baizik eta herritarrei mezu bakarra bidaltzekoa" nabarmendu du. "Izango da geroago denbora kargu hartu edo egin nahi diren ñabardurak egiteko"

Oinarrizkoak ez diren sektoreetako langileak, 15 egunerako etxera

Bihartik apirilaren 8ra arte, funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren enpresek geldialdia egingo dute eta langileak etxera bidali 15 egunerako.

Langileek geroago errekuperatu beharreko ordaindutako baimena izango dute.

Sindikatuek eskatu dute lanera joan behar izango duten langile guztiak EPI edo babes ekipo indibidualarekin eta koronabirusaz ez kutsatzeko behar diren neurriekin aritzea.

Patronala etenaldi honen oso kontra agertu da. Sindikatuek, aldiz, begi onez ikusi dute. Hori bai, ELAk eta LABek esan dute "berandu iritsi dela erabakia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa