Ekonomia -

Koronabirusa

27.000 establezimendu itxi dituzte aldi baterako EAEn koronabirusaren ondorioz

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak esan duenez, krisiak "erabateko eragina" izan du sektorean. Hori dela eta, enpresei laguntzeko hartu beharreko neurrien inguruan lanean ari dira jada.

Donostiako establezimenduak itxita. Argazkia: EFE
Donostiako establezimenduak itxita.
Donostiako establezimenduak itxita. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren agerraldiaren ondorioz sortutako krisi ekonomikoak galera handiak eragin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) turismo, merkataritza eta ostalaritza sektoreetan, izan ere, "27.000 establezimendu baino gehiago itxita daude" uneotan, Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak jakinarazi duenez. Hori dela eta, orain hartu beharreko neurriez gain, "pertsiana berriro altxa dezaketen unera begira ere lan egin behar da".

Astearte honetan Onda Vasca irratian azaldu duenez, koronabirusaren krisiak "erabateko eragina" izan du bere sailak zuzentzen dituen sektoreetan; turismotik hasita, merkataritza eta ostalaritza ixtea agindu zuen alarma-egoera ezarri baino lehen. "Gure sektoreak oso kaltetuta daude uneotan, eta dagoeneko 27.000 enpresa baino gehiago itxi dituzte, horrek berarekin dakarrenarekin", esan du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Ondorioz, funtsezkoak ez diren jarduerak debekatzen dituen errege lege-dekretuak sektore horietan "eragin gutxi" izan duela gaineratu du.

Halaber, enpresen % 90 autonomoek eta mikroenpresek osatzen dutela ohartarazi du, eta, horrenbestez, "kaltea handiagoa" da. Hori dela eta, bere saila egoera horretan dauden enpresei laguntzeko hartu beharreko neurrien inguruan lanean ari dela azpimarratu du, likidezia izan dezaten, bai eta "pertsiana berriro altxa dezaketen unera begira ere". Ildo horretatik, "gaur egun bizi dugun egoera hau guztia atzean gertatuko da, eta beste erakunde batzuekin koordinatuta lan egin behar dugu, kontsumoa suspertzeko, gero izugarri beharko baitugu", azpimarratu du.

Bestalde, azaldu duenez, oinarrizko zerbitzuetako langileak hartzeko prest dauden hotel-establezimenduen zerrenda 40tik gorakoa da dagoeneko, eta, horregatik, sektore horren jarrera goraipatu du, kasu askotan "bezerorik gabe eta aldi baterako lan-erregulazioak ezartzera behartuta egon direlako".

Espainiako Gobernuaren aginduak zerbitzu horien gaineko "prezioak arautzen ez baditu ere", sailburuak zehaztu du Osasun Publikoarekin hizketan ari direla akordioak lortzeko asmoz, eta "beste batzuek logelak doan eskaini dituztela". "Oro har, prezioak egungo egoerara egokitzen ari dira", ziurtatu du.

Azkenik, elikaduraren sektorean aritzen diren langileak egindako lana eskertu du Perezek, eta herritarrei "kontsumo arduratsua" egin dezatela eskatu die, sektoreko langileak zein beste herritarrak gogoan hartuta, ez dutelako "egunero" etxetik atera behar. Dena dela, orokorrean gizartea oso ondo jokatzen ari dela adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Koronabirusa