Ekonomia -

Koronabirusa

Baserritarrei produktuak merkaturatzen laguntzeko zerbitzua abiatu dute EAEn

Tokiko eta sasoiko produktuari irteera eman nahi diote, ohiko merkatuez bestelako banaketa bideak erabiliz.

Baserritarra. Argazkia: Jon Bastanten Bancales
Baserritarra. Argazkia: Jon Bastanten Bancales
Baserritarra. Argazkia: Jon Bastanten Bancales

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hazi Fundazioak nekazaritza produktuak biltzeko eta merkaturatzeko zerbitzu bat jarri dute abian. Helburua da baserritarrei beren generoa merkaturatzen laguntzea, Covid-19 gaitzaren eraginez tokiko azokak itxi baitzaizkie. Hartara, tokiko eta sasoiko produktuari irteera eman nahi diote, ohiko merkatuez bestelako banaketa bideak erabiliz, eta salmenten jaitsierari aurre egin, produkzioaren bideragarritasuna zein bezeroen osasuna bermatuz.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailetik jakinarazi dutenez, EAEko nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera batzuk, eta batez ere baratzeetako ekoizpena, ondorio negatiboak jasaten ari dira Covid-19aren ondorioz. Bereziki, eraginpean daude haien fruituak azoken eta merkatuen bidez merkaturatzen dituzten ekoizleak eta haien genero freskoa Horeca kanalaren bidez merkaturatzen duten baratzezainak, eskaerarik gabe geratu baitira.

Produktu horri guztiari irteera emateko, eta generoa bilduko duen zerbitzua antolatzearen konplexutasunaren ondorioz, arlo horretako logistikan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresaren laguntza izan dute ekimenaren sustatzaileek. Lurrartek, Hazi Fundazioko teknikarien eta EAEko landa garapeneko elkarteen laguntzarekin, banaketa bide berria antolatuko du, betiere azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean.

Baldintzak, jasotzen diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak edo bestelako gaiak argitzeko, baserritarrek 943 693 074 telefonora deitu ahal dute, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:30era, edota 688 643 670 telefonoko whatsapp-era idatzi (erreferentzia: barazkien bilketa).

Lurrarte enpresarekin batera, Alberro eta Barrenetxe enpresak ere arduratuko dira produktua erosteaz eta merkaturatzeaz. Enpresa horiek, behin produktua jaso ondoren, Eroski eta BM banaketa handiko operadoreetara bideratuko dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiri buruzko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Elikadura osasungarria albisteak Nekazaritzaren egungo albisteak Merkataritza albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur