Ekonomia -

Koronabirusa

Lanera itzultzean segurtasun arauak ez arintzea eskatu du Jaurlaritzak

Goitik behera bete behar den Segurtasun Protokoloa dagoela eta garraio publikoa beharrezkoa denean soilik erabili behar dela gogorarazi du.

Gizon bat maskararekin Donostian. Argazkia: Efe
Gizon bat maskararekin Donostian. Argazkia: Efe
Gizon bat maskararekin Donostian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak berretsi du Segurtasun Protokoloa "goitik behera" bete behar dela enpresetan, eta jardueraren itzulerak ezin duela segurtasun arauak arintzea ekarri.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du "industriaren hibernazioa" amaituta, asteartean "oinarrizkoa ez den industriaren eta eraikuntzaren jarduera jarriko dela martxan".

"Euskadiko enpresa sareak segurtasun protokoloa du martxan. Martxoan igorri zuen Garapen Ekonomikorako eta Azpiegiturarako Sailak, Osalanen oniritziarekin", adierazi du, jarduerara itzultzeko beste gida bat ere osatu dutela aipatu aurretik.

Jaurlaritzak berretsi du "birusaren zabalkundea galaraztea" dela "lehentasuna", eta horregatik, ahal den kasuetan, telelana aholkatzen dutela.

Industria eta elikadura

Hori horrela, lantokira joan behar dutenei igorritako protokoloak bi dira: industriara bideratua eta elikadura kateari lotutako jardueretakoa (arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, elikadura industria, banaketa lekuak).

"Biek jasotzen dituzte modu argian arauak eta aholkuak, eta bietan agertzen da azken bi asteetako exigentzia maila bera eskatzen dela", azpimarratu du.

Industria jarduerak egingo duen moduan, lan publikoak ere martxan jarriko dira bihar, martxoaren 30etik geldi egon ostean. Hori horrela, Euskal Trenbide Sareen lanetara itzuliko dira astearte honetan, tartean Donostiako Topoa lurreratzeko lanetara, AHTra, etab.

Garraio publikoa

Laneko itzulera mailakatua izango dela espero bada ere, langile gehienak asteartean bertan hasiko dira berriro lanean. Hori dela eta, garraio publikoaren eskaintza % 40-60 ingurura igotzea erabaki dute.

Horren harira, gaur itxiko dute garraio publikoaren erabiltzaileen artean maskarak banatzeko modua, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko bileran.

Garraio publikoa "puntako orduetan" ez erabiltzea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak garraio publikoa "puntako orduetan" ez erabiltzea eta "egunean zehar" erabiltzea gomendatu die asteartean lanera itzuliko diren langileei, pertsonen arteko urruntzea gauzatzeko.

Alarma eta konfinamendu egoeran jarraitzen dutela ohartarazi ostean, egindako protokoloak ahalik eta gehien zaintzeko deia egin du Tapiak, pertsonen urruntzeari dagokionez eta baldintza higienikoak mantentzeari dagokionez, "lehenik eta behin interesatzen zaiguna langileen segurtasuna eta osasuna mantentzea" baita. 

Testuinguru horretan, astearte honetan ere garraio publikoaren jarduera berrezarri dela gogorarazi du: "Puntako orduetan garraioaren % 100 bermatzen da".

Hala ere, garraio publikoa "funtsezko une horietarako eta laneko jarduera horiei erantzuteko" baino ez dela gogorarazi du, eta "ez erabiltzea puntako orduetan, ahalik eta gutxien erabiltzea, eta egunean zehar erabiltzea, urruntze baldintzak ahalik eta modurik onenean gauzatu daitezen" gomendatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak