Ekonomia -

Langabezia

3.072 langabe gehiago maiatzean EAEn, eta 695 gehiago Nafarroan

EAEn COVID-19aren krisiaren ondorioz aldi baterako erregulazio txostenen eraginpean egon diren 200.652 langileetatik erdiak jarraitzen du egoera horretan.

Langilea. Argazkia: EiTB
Langilea. Argazkia: EiTB
Langabeziak gora egin du, baina apirilean baino gutxiago

1:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko hilean baino 3.072 langabe gehiago zenbatu zituzten maiatzaren bukaeran, gehienak ostalaritzako eta merkataritzako langileak, COVID-19aren krisiak bereziki jo dituen sektoreetakoak, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Krisia hasi zenetik maiatzaren 28ra, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan sartzeko eskaerek 200.652 pertsonari eragin diete, baina Lanbideren dirulaguntza jasotzen ari zirenen kopurua erdira jaitsi da maiatzaren amaieran, 101.328ra, hain zuzen ere.

2019ko maiatzari dagokionez, EAEko Lanbideren bulegoetan 27.842 langabe gehiago daude izena emanda, hau da, % 24,45 gehiago, Espainiako Lan Ministerioak zabaldu duenez. Langabeziaren gorakada % 2,22koa izan da aurreko hilekoaren aldean, Espainiako Estatuko batez besteko langabezia datuaren (% 0,69) hirukoitza baino gehiago.

'Langabeziaren kurba lautadan da eta jeisten hasiko da. Zein abiaduratan da gakoa'
'Langabeziaren kurba lautadan da eta jeisten hasiko da. Zein abiaduratan da gakoa'
'Langabeziaren kurba lautadan da eta jeisten hasiko da. Zein abiaduratan da gakoa'

play icon 5:37

Borja Belandia Lanbideren zuzendari nagusiak emandako azalpenen arabera, erregulazio txostenetik atera diren gehientsuenak euren lanpostura itzuli dira. Horren hitzetan, aurreko hilean 169.768 langile egon ziren txosten horien eraginpean, eta horietako 67.241 lanpostura itzuli dira.

Horrez gain, ostalaritza eta merkataritza direla kaltetuenak jakinarazi du, langabe berrien 2.193 (% 71 baino gehiago) zerbitzuen sektorekoak baitira.

Nafarroa

Nafarroan, berriz, aurreko hilean baino 695 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 1,7ko igoera), Lan Ministerioaren arabera.

Horrela, 41.137 langabe daude guztira Foru Erkidegoan, duela urtebete baino 9.874 gehiago, 12 hilabetean % 28ko gorakada izan baita.

Datuak bereizita, nekazaritzan 58 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian (2.010), industrian 183 gehiago (5.393), eraikuntzan 98 gutxiago (1.982) eta zerbitzuetan 507 gehiago (28.528).

Espainiako Estatuan, 26.573 langabe gehitu dira zerrendara (% 0,69 gehiago), eta guztira 3.857.776 dira, 2016tik izan den kopuru altuena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Merkataritza