Ekonomia -

EUSKO JAURLARITZA

Euskal enpresek nazioartekotzeko laguntzak eskatu ahalko dituzte bihartik

Dirulaguntzak ez dira itzuli beharko, eta horretara zuzenduko diren bi milioi euroetako 1,5 milioi Zabaldu programak izango ditu eta Sakondu programak, 500.000 euro.

Automobilgintzako enpresa bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Automobilgintzako enpresa bat
Automobilgintzako enpresa bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal enpresek bihartik aurrera eskuratu ahalko dituzte SPRI Taldeak Nazioartekotze Euskal Agentziaren bidez atzerrian konpainien presentzia indartzeko abian jartzen dituen laguntzak, bi milioi eurorekin hornitutako bi programaren bitartez.

SPRI Taldeak jakinarazi duenez, eskatu ahalko diren dirulaguntzak ez dira itzuli beharko, eta aurreikusitako bi milioi euroetako 1,5 milioi Zabaldu programak izango ditu, eta Sakondu programak, 500.000 euro.

Nazioartekotze Euskal Agentzia euskal enpresaren nazioarteko proiektuak bultzatzen dituen erakunde publikoa da. Baliabide tekniko eta ekonomiko guztiak biltzen ditu eta laguntza espezializatuko eredu berri bat eskaintzen du, ezagutza sektoriala eta geografikoa konbinatzen dituen leihatila bakar gisa, nazioarteko sareari esker, 80 herrialde baino gehiagoko merkatu nagusietan eta 16 bulego propiorekin.

Zabaldu programa hedapen-fasean dauden eta esportazioen ehuneko txikia duten enpresei zuzenduta dago, zehazki, 2019an jarduera esportatzailea fakturazio osoaren % 50 gainditzen ez duten enpresei.

Laguntzak onartutako gastuaren % 50era artekoak izan daitezke, eta enpresa bakoitzak gehienez 45.000 euro jaso ahalko ditu (eskaerak hiru izango dira gehienez).

Nazioartean gutxi hedatutako enpresei atzerrian duten presentzia handitzen laguntzea da helburua, eta garapen iraunkorra sustatzea nazioartekotze-prozesuan zehar.

Sakondu programak dirulaguntzak eskaintzen ditu kanpora irtetea hobetu nahi duten enpresentzat. Horregatik, guztizko fakturazioaren % 50etik gorako esportazio-jarduera izan behar dute, baita 2019an esportatutako guztizkoaren % 10etik beherako fakturazioa duten merkatuetan beren lehiakortasun-posizioa hobetu nahi dutenentzat ere.

Ekimen honen helburua nazioartera oso zabalduta dauden enpresei presentzia txikia edo batere presentziarik ez duten merkatuetan sartzen laguntzea da.

Eskaerak aurkezteko epea bihar, ekainak 12, hasiko da, oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, eta urriaren 30ean amaituko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak