Ekonomia -
Koronabirusa
EAEko ekonomiak % 3,2 egin zuen behera urteko lehen hiruhilekoan
Eustatek aurreikusitakoa baino handiagoa da beherakada, eta martxoaren bigarren erdian COVID-19ak erabateko geldialdia eragin zuelako etorri da.
agentziak | erredakzioa
EAEko ekonomiak % 3,2 egin zuen atzera urteko lehenengo hiruhilekoan, 2019ko epe beraren aldean, COVID-19ari aurre egiteko neurriek jarduera ekonomiko askoren erabateko geldialdia ekarri zutelako.
Beherakada Eustatek apirilaren amaieran aurreikusitakoa baino hamarren bat handiagoa da, Barne Produktu Gordina urtarriletik martxora % 3 murriztuko zela adierazi baitzuen.
Enpleguak ere atzera egin du, % 2,8 hain zuzen ere, aurreko urteko lehen hiruhilekoarekin konparatuz gero, baina Eustatek iragarritakoa baino hiru hamarren gutxiago.
2019ko azkeneko hiruhilekoarekin alderatuta, EAEko ekonomiak % 4,7 egin zuen atzera, aurreikusitakoa baino bi hamarren gehiago.
Eustatetik azaldu dutenez, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriek eragile ekonomikoen jarduera ia erabat eten zuten martxoaren bigarren hamabostaldian, eta "oso zaila" zen horren eragina apirilean aurreikustea.
BPGren urte arteko beherakada Eurogunerako aurreikusitakoaren parekoa da, Europar Batasunekoa baino handiagoa (% 2,6), baina Espainiako Estatuan baino txikiagoa (% 4,1).
Lurraldeka, Araban egin zuen gehien behera BPGk, % 3,3; Bizkaian, % 3,2; eta Gipuzkan, % 3,1.
Enplegua
Enpleguari dagokionez (lanaldi osoko lanpostuak neurtuta), 2020ko lehenengo hiruhilekoan % 2,8 jaitsi zen langile kopurua 2020an, apirilaren 24an Eustatek egindako aurreikuspenaren azpitik hiru hamarren. Gainera, hiruhileko batetik bestera % 3,8koa da beherakada, Eustatek sekula jaso duen handiena.