Ekonomia -
COVID-19aren ondorioak
EAEko ogasunek 4.197 milioi euro bildu dituzte maiatza arte, iaz baino %21,8 gutxiago
Bizkaian diru bilketa % 17,3 gutxitu da. Gipuzkoan urteko lehen bost hileetan egindako zerga bilketa metatua % 23,9 gutxitu da, eta Araban % 36.
Agentzia | Erredakzioa
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 4.197,1 milioi euro bildu dituzte 2020ko urtarriletik maiatzera bitartean. Joan den urteko epe berdinean 5.367,1 milioi euro jaso zituztela kontuan izanda, 1.170 milioi gutxiago bildu dituzte aurten, hau da, % 21,8 gutxiago.
Ogasun bakoitzari dagokionez, Gipuzkoan urteko lehen bost hileetan egindako zerga-bilketa metatua % 23,9 gutxitu da, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 1.171 milioi euro bildu dira, 2019an baino 368 milioi gutxiago. Gipuzkoako Ogasunak % 20-25 inguruko beherakada aurreikusi du urteko bilketa osoan.
Gipuzkoako zerga-bilketaren jaitsiera azaltzeko kontuan izan behar dira sarreren arloan izandako murrizketa nabarmena (-% 14,8) eta itzulketek izandako gorakada handia (% 9,8), Jabier Larrañaga Ogasuneko diputatuak adierazi duenez.
Bestalde, Arabako Foru Ogasunaren urteko lehen bost hileetako diru-bilketa metatua % 36 jaitsi da, aurreko urtekoaren aldean. Zehazki, Arabako Ogasunak 483 milioi euro bildu ditu maiatzera bitarte, iaz baino 271 milioi gutxiago.
Arabako Ogasunaren arabera, bi faktorek izan dute eragina jaitsieran: autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek zergen ordainketa atzeratu izanak, aldi horri dagokion ordainketa uztailetik abendura atzeratzeko aukera izan baitute, eta jarduera geldiarazi izanak, maiatzean bakarrik islatu baitira funtsezko jarduerak egin diren bi asteak.
Azkenik, Bizkaiko Foru Ogasunak 2.543,1 milioi euroko diru bilketa egin du itunpeko zergen bidez urtarriletik maiatzera, hau da, iazko aldi berean baino 531,2 milioi euro gutxiago. Horrela, diru bilketa % 17,3 gutxitu da aurten. Unai Rementeria diputatu nagusiak aitortu du "datu txarra" dela, eta "urteko txarrena" izatea espero duela.
Apirilean jarduera ekonomikoa gelditu izana, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta itzulketa gehiago egin izana, eta bereziki mikroenpresa, ETEi eta autonomoei likidezia hobetzeko zerga neurriak aplikatu izana dira Bizkaiko Ogasunaren diru bilketaren murrizketaren arrazoi nagusiak.