Ekonomia -

ETXEBIZITZA

Jaurlaritzak 5.000 eurorekin finantzatuko ditu balkoien eta terrazen berriztatzeak

Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko aurtengo laguntzen deialdia % 37,5 igo da, 6,4 milioitik 8,8 milioira.

Eraikin bateko balkoiak. Irudia: EFE
Eraikin bateko balkoiak
Eraikin bateko balkoiak. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balkoi edo terraza berriak jarri nahi dituzten berrogei urtetik gorako eraikinetako bizilagunei etxebizitza bakoitzeko 5.000 eurorainoko dirulaguntza emango die Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak.

Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordeak etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko aurtengo laguntzen deialdia aurkeztu du (Renove Programa), aurrekontua % 37,5 handitu ondoren, 6,4 milioitik 8,8 milioira, Gobernu Kontseiluak bihar onartuko duen aginduaren arabera.

Laguntzak, oro har, 40 urtetik gorako eraikin komunitarioen eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzera bideratzen dira, horiek baitira Eraikinen Ikuskapen Teknikoetan (EIT) atzematen diren defizit nabarmenenak.

Berritasuna da balkoiak edo terrazak sortzea edo zabaltzea jasotzen duela lehen aldiz, udal ordenantzek eta eraikinaren baldintza fisikoek horretarako aukera ematen badute. Gehieneko laguntza 5.000 eurokoa da etxebizitza bakoitzeko, oro har, 1.000 eurokoa balkoi edo terrazako metro karratu zabaleko.

Koronabirusak eragindako konfinamenduan etxebizitzako espazio horiek hartu duten garrantziaren ondorio da laguntza berria. Balkoiak jartzeko, programako gainerako laguntzetan bezala, bizilagunak ados jarri behar dira, eraikin osoan jarriko bailirateke.

Renove Integralaren laguntzak jaso ahalko dituzte gutxienez sei etxebizitzako etxadiak osatzen dituzten bizitegi-eraikinen jabeen erkidegoek, edo gutxienez eraikitako etxadiaren alde bat hartzen duten eta sei etxebizitza edo gehiago dituzten bizitegi-multzoek.

Oro har, hauek dira diruz lagun daitezkeen jarduerak: fatxadak edo teilatuak isolatzea, galdarak ordezkatzea, igogailuak instalatzea, atarietan zero kotako obrak egitea eta sarbideetan oztopo fisikoak kentzea, beroa berreskuratzeko aireztapen-sistemak ezartzea eta inguratzaile termikoa hobetzea.

Jarduketa horiek guztiak batera egin beharko dira obra edo jarduketa berean, eta eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetu beharko da, gutxienez C mailara iristeko.

Laguntzak esleitzerakoan lehentasuna izango dute Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Degradatuetan kokatutako birgaitze-proiektuek, edo Ezkerraldeko, Meatzaldeko edo Oarsoaldeko udalerrietan kokatutakoek, baita errentamendu babestuko etxebizitzek etxebizitza guztien % 50 gainditzen duten higiezinetako jarduketek ere.

Birgaitze-proiektuetarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da etxebizitza bakoitzeko, oro har, eta 28.500 eurokoa kasu berezi horietan.

Horrela, laguntzaren gehieneko estaldura (orain arte esleitutako aurrekontuaren % 60 zen) % 70ekoa izango da, eta % 80koa Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Degradatuetan sartutako eraikinen kasuan.

Kanpoko igogailua instalatzeagatik, igogailurik ez duten eraikinetan, laguntza gehienez 85.000 eurokoa izango da, eta barruko igogailu bakoitzeko, berriz, 65.000 eurokoa.

Deialdi horren tramitazioa % 100 telematikoa da, eta EHAAn argitaratu eta bi hilabetera arte eskatu ahalko dira. Iaz 541 etxebizitza izan ziren 24 jarduketetan eta 39 atari izan ziren onuradunak.

Deialdi horrekin batera, Etxebizitza Sailak birgaitzeko laguntza-lerro bat ere badu, etengabe irekita dagoena, beren etxeetan obrak eta eraberritzeak sustatzen dituzten partikularrentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza Laguntza publikoak