Gizartea -

Koronabirusa

Egoera zaurgarrian dauden familien diru-sarrerak 7.000 eurora jaitsi dira krisiagatik

Ikerketa baten arabera, emakumeak dira prekarietate eta lan-pobrezia gehien jasaten dutenak, eta horrek egoera okerragoan jartzen ditu krisi berri bati aurre egiteko orduan.

Pertsona bat, elikagaiak familia zaurgarrientzako zentro batean hartzen. Argazkia: EFE
Pertsona bat, elikagaiak familia zaurgarrientzako zentro batean hartzen.
Pertsona bat, elikagaiak familia zaurgarrientzako zentro batean hartzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, egoera zaurgarrian dauden familien diru-sarrerak % 31 murriztu dira, eta, batez beste, 6.942 euro jasotzen dituzte urtean, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ostiral honetan salatu duenez. Elkarteak alarma-egoera ezarri ostean egindako ikerketa baten emaitzak zabaldu ditu gaur.

Pandemia baino lehen, galderak erantzun zituzten familiek urtean batez beste 10.143 euro irabazten zituztela erantzun zuten, eta, horrek, pobreziaren mugaren azpitik jartzen zituen (% 62k ez zuen lanik). Hiru hilabete geroago, lana zutenen % 32k lana galdu du, gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean azaldu duenez.

"Ikerketa ugarik erakusten dute gurasoen lan egoeraren eta adingabeen eskola-arrakastaren arteko lotura. Lan-ezegonkortasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera txikiagoa izango dute 15-16 urterekin eskola-graduatua lortzeko, eta ikasketak alde batera uzteko arrisku handiagoa", azaldu du Catalina Perazzo Save the Children Haur eta Sentsibilizazio Politiken zuzendariak.

Halaber, egoera zaurgarrienean dauden adin txikikoak dira haien ikasketekin jarraitzeko zailtasun gehien izan dituztenak. Izan ere, gobernuz kanpoko erakundearen programetan parte hartzen dutenen % 39k eten digitala jasan dute, eta % 64k zaila izan dute eskola-erritmoari jarraitzea, batez ere, laguntza emateko denbora eta ezagutza faltagatik (hizkuntza ez menperatzeagatik edo ikasketa-maila baxuagatik).

Bestalde, adingabeen % 72k eta helduen % 77k haien osasun emozionalak okerrera egin duela adierazi dute, eta familien % 55ek, berriz, azken hilabeteetan gurasoen eta seme-alaben artean etxeko gatazkak areagotu direla onartu dute.

Ikerketaren arabera, emakumeak dira prekarietate eta lan-pobrezia gehien jasaten dutenak, eta horrek egoera okerragoan jartzen ditu krisi berri bati aurre egiteko orduan, batez ere gazteak eta migratzaileak badira eta ikasketa gutxi badituzte. Halaber, zaintzaren ardura gehiena ere emakumeen gain dago kasu gehienetan.

Txostenaren arabera, gehienetan (% 57) amek laguntzen diete seme-alabei eskolako lanetan, eta horrek, etxeko lanen arduradun nagusiak izateaz gain (% 68), denbora falta dakar, estresa eta antsietatea aregotu dezakeena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Telelana