Ekonomia -

Koronabirusa

Bilboko Tabernariak: "Gaizkileak izango bagina bezala tratatzen gaituzte"

Bilboko Tabernariak elkarteak eskatu dio Udalari "pixka bat amore eman dezala", eta ostalariei eta merkataritza txikiari laguntzak eman diezazkiela: "Bestela, hil egingo gara".

Ostalariek Bilbon egindako elkarretaratzea. Argazkia: @SOSaldezaharra (Twitter).
Ostalariek Bilbon egindako elkarretaratzea
Ostalariek Bilbon egindako elkarretaratzea. Argazkia: @SOSaldezaharra (Twitter).

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Tabernariak elkartean bilduta dauden Bilboko Alde Zaharreko eta Bilbo Zaharreko ostalariek ohartarazi dutenez, Bizkaiko hiriburuko auzo horietako ostalaritza eta merkataritza txikia "hil egingo dira", Udalaren laguntzarik ez badute jasotzen eta jarraitzen badute lan egiten "% 20an, baina zergen % 100 ordaintzen". Esan dutenez, "gaizkileak izango bagina bezala" tratatzen dituzte.

Bilboko Alde Zaharreko, Bilbo Zaharreko, Santutxuko eta Atxuriko 60 bat establezimenduko ordezkariek elkarretaratzea egin dute, astearte honetan, Udaletxearen aurrean, eskatzeko Udalari "pixka bat amore eman dezala", eta ostalariei eta merkataritza txikiari laguntzak eman diezazkien: "Bestela, hil egingo gara".

Ihintza Torres Bilboko Tabernariak elkarteko bozeramaileak salatu duenez, ostalariak "gaizkiletzat" jotzen dituzte, eta COVID-19aren hedapenaren errua beraiek dutela uste dute askok; hala ere, Torresen esanetan, "beti eusten diegu segurtasun-tarteei, jendea ez kutsatzeko; ezta gu ere, kaltetuenak izan gaitezkeelako".

Tabernen aurkako Udaltzaingoaren "presioa" ere gaitzetsi du Torresek; "osasun-arloaz gain", tabernetako arduradunek jendea kontrolatu behar dute, "segurtasun-tarteari eusteko". Ziurtatu duenez, langileak "normala ez den estresa" ari dira pairatzen.

"Ez dakit nola jarraitu ahalko dugun egoera honetan", esan du, eta eskaria egin dio Bilboko Udalari "pixka bat amore emateko, eta laguntzak emateko; seme-alabak ditugun familiak gara, eta bizitzeko lan egiten dugu. Ez gara delitugileak".

"Udalak ez digu laguntzarik eman"

Salatu dutenez, Udalak "ez digu laguntzarik eman, eta soilik murriztapenak ezartzen dizkigu; adibidez, terrazetan, nahiz eta jendea, kanpoaldean, barnealdean baino askoz ere ziurrago dagoen". "Osasuna da lehentasuna", esan du Torresek, eta gogora ekarri du ostalaritza-lokalek ordutegiak murriztu dituztela, gero eta gehiago: "COVID gaitza, aldiz, gero eta hedatuago dago; beraz, beste lan batzuetan begiratu beharko lukete, bai eta garraiobideetan ere, hondartzetara guztiz beteta joaten baitira".

Torresek esan du Alde Zaharreko eta Bilbo Zaharreko ostalarien % 90ek ez dutela laguntzarik jaso, eta, berretsi duenez, "laguntzen ez badigute, oso txarto dugu". Hala, salatu dutenez, martxoan eta apirilean, negozioak itxita zeudenean, zaborraren eta uraren tasak ordaindu zituzten, "lanean egongo bagina bezala".

"Zergen % 100 ari gara ordaintzen, eta ez da bideragarria. Ezinezkoa da alokairuei eustea. Negoziatu dugu, eta pixka bat jaitsi digute, baina ez dago soldatetarako, eta ez gara azarora arte iritsiko", esan du, eta gehitu ere gehitu du Aste Nagusia bertan behera uzteak ere eragina izan duela: Askorentzat jaiak ezinbesteak dira, eta negurako gordetzen dugu, bizirauteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilbo Zer gertatu da Bizkaian? EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Eguneko albisteak Osasun albisteak Bilboko Zazpikaleak Jatetxeak albisteak gaur Tabernak gaur Covid birusaren olatu berria