Ekonomia -

Koronabirusaren eragina

Ikuskizunen arloko langileak kalera aterako dira gaur berehalako neurriak eskatzeko

Alerta Gorria mugimenduaren baitan bilduak, mobilizazioak deitu dituzte gaurko Espainiako Estatuko hainbat hiriburutan, tartean, Bilbon (20:00), Gasteizen (20:30) eta Iruñean.

Soñar eraikina (Bilbo) gorriz argiztatuta egongo da gaur. Argazkia: Imanol Zuaznabar
Soñar eraikina (Bilbo) gorriz argiztatuta egongo da gaur.
Soñar eraikina (Bilbo) gorriz argiztatuta egongo da gaur. Argazkia: Imanol Zuaznabar

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikuskizunen eta ekitaldien alorrean lanean ari diren profesionalak kalera aterako dira gaur COVID-19aren krisiak sektoreari emandako kolpearen aurrean neurriak eskatzeko. 

Alerta Gorria izenpean, EAEko profesionalek bat egin dute Espainiako Estatuko lankideekin eta Red Alert nazioarteko mugimenduarekin. Mobilizazioak deitu dituzte Bilbon (20:00etan) eta Gasteizen (20:30ean) "arlo honek profesionaltasunez eta segurtasunez lan egiten duela erakusteko". Iruñean ere beste protesta ekintza bat antolatu dute.

Mobilizazio horien atariko, gorriz argiztatu dute @spyurbanart artistak Bilboko Olabeaga auzoko Soñar izeneko eraikina (bertan ditu bulegoak ekimenarekin bat egin duen Last Tour promotorak), eta modu horretan egongo da gaurko egun guztian.

Alerta Gorria plataformak ohar batean gogorarazi duenez, ikuskizunen eta ekitaldien sektorearen lanak "Espainiako Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 3,8 eragiten du, eta 700.000 lanpostu sortzen ditu".

"Alor heterogeneoa eta zatitua da, eta horren ondorioz, egitura hauskorra eta ziurgabetasun juridiko kezkagarria du. Pandemia garai honetan muturreko egoera dugu", diote oharrean.

Horren aurrean, "berehalako erreskate neurriak" eskatu dituzte eta administrazio publikoei pandemiaren krisiak "bereziki kaltetutzat eta lehentasunezkotzat" jotzea galdegin diete. Horrekin lotuta, "agenda kulturalak berriro aktibatzea eta ekitaldiak antolatzea eskatu nahi diegu tokiko erakundeei, betiere osasun segurtasuna bermatuta".

Eskatutako neurrien artean honakoak ere badaude: edukiera % 100koa izan arte, jarduera eteteagatik autonomoentzako prestazio berezia luzatzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan murrizketak egitea, langabeei prestazio eskubidea ez kentzea, enpresek ezinbesteko enplegu erregulazio espedienteak indarrean jarri ahal izatea edukiera % 100koa ez den arte, eta Sozietateen gaineko Zerga txikitzea, besteak beste. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Bilbo Iruñea Bizkaia Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Kultura Albisteak Manifestazioak Antzerkia Dantza Koronabirusa