Ekonomia -
230 kaleratze
Greba mugagabea Matricerias Deusto eta GTS lantegietan, Gestampek itxi nahi dituelako
"Itxieren aurka argi eta garbi azaltzeko", eskatu diote bi lantegietako enpresa-batzordeek Eusko Jaurlaritzari. Lanuztea urriaren 9an hasiko da.
Agentziak | Erredakzioa
Matricerias Deusto eta GTS lantegietako enpresa-batzordeek iragarri dutenez, Zamudioko (Bizkaia) fabriketako beharginek greba mugagabea egitea erabaki dute batzarrean, 230 lanpostuak defendatzeko; izan ere, Gestamp konpainiak bi enpresak itxi nahi ditu. "Justifikaziorik ez duen" erabaki "neurrigabea" dela uste dute langileek. Horregatik, urriaren 9tik aurrera greba egingo dute.
Bilbon, prentsaurrekoan, “itxieren aurka argi eta garbi azaltzeko”, eskatu diote enpresa-batzordeetako ordezkariek (ELA eta LAB) Eusko Jaurlaritzari. Azaldu dutenez, “ez da anbiguotasunerako, bi aldeen arteko akordioa eskatzeko, unea”.
Izaskun Olano eta Moises Muñoz LABeko ordezkariek gogorarazi dutenez, enpresa-batzordeak “ezustean” harrapatu zituen konpainiaren erabakiak. Erabakia “sinesgaitz” hartu zuten, erantsi dutenez. Automobilgintzaren krisia eta azken hiru urteetako emaitzak argudio gisa erabili zituen zuzendaritzak.
Datozen egunetan (urriaren 8an) negoziazio mahaia osatzeko borondatea agertu zien zuzendaritzak, 30 eguneko epean lantegiak ixteko, zehaztu dutenez.
Beharginen ordezkarien hitzetan, “justifikaziorik ez duen” erabakia da; izan ere, Matricerias Deustok datorren udaberrira arte lana du. Hala ere, azkenaldian “lan karga beste” lantegi batzuetara “desbideratu” dutela salatu dute, Bartzelonako eta Alemaniako fabriketara esaterako.
GTSri dagokionez, “pandemia hasi zenetik telelanean ari dira, gelditu barik, atsedenik gabe”, azaldu dute.
Matricerias Deusto enpresak 2017an galerak izan zituenik “ez da egia”, adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. GTSk “emaitza eta kontu oso osasuntsuak ditu”, gaineratu dutenez. 2018an eta 2019an taldeak emaitza “bikainak” izan zituen, 219 eta 253 milioiko mozkinekin”, hurrenez hurren, esan dutenez.
Enpresa-batzordeen ahotan, bi lantegietan gertatzen ari dena “negozioaren kudeaketa negargarri” baten ondorio da. Sindikatuekin adostutako industria plana (2022) “ez betetzea” leporatu diote zuzendaritzari, bi lantegien etorkizuna bermatzeko. “Gestampen hitzak ez du ezer balio”, ondorioztatu dute.
Egoeraren aurrean, industriaren garrantziaren inguruan “propaganda hutsala eta merkea” egiteari uzteko eta “industria politika gehiago” egitea eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapenerako Sailari.
“Langileentzako zer aukera” proposatzen duten galdetu diete Tapia sailburuari eta Urkullu lehendakariari. “Aukera enpresak diru publikoarekin laguntzen jarraitzea izango da”, erantzun dute, Gestampek jasotako diru-laguntza publikoei erreferentzia eginez.
Langileen ordezkarien esanetan, “Gestamp bezalako talde batek diru publikoa jaso eta lantegiak ixtea tristea da”. “Diru publikoarekin finantzatutako enpresa pribatuek langileentzako erabaki hain traumatikoak hartzea ez lukete sekula utzi beharko” erakunde publikoek, aurpegiratu dutenez.
“Urkullu lehendakariak berak publikoki esan bezala, diru publikoa jaso eta kaleratzeak iragarri ez da zilegi”, nabarmendu dute sindikatuetako ordezkariek. Azkenik, bi lantegien lana eta produktuak goraipatu dituzte: “Oraindik atzerrian eskaintzen ez duten kalitate maila dugu”.