Ekonomia -

Defizita

Arabako Foru Aldundiak defizita udalekin partekatuko du

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, "udal bat bera ere ez da geratuko bere defizit ahalmenetik behera".

Gonzalez, Batzordean egindako agerraldian. Argazkia: @ramirogonza
Gonzalez, Batzordean egindako agerraldian.
Gonzalez, Batzordean egindako agerraldian. Argazkia: @ramirogonza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak "lasaitasun" mezua helarazi nahi izan die gaur Arabako udalei, joan den astean Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lortutako akordioaren ondotik. Iragarri duenez, Aldundiak defizita Arabako udalekin partekatuko du, eta "Aldundiaren beraren eta udalen defizit ahalmena bermatuta egongo da".

Arabako Batzar Nagusietako Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Batzordean agerraldia egin du Gonzalezek, Jaurlaritzak eta Espainiako Ogasun Ministerioak lortutako akordioaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Itunaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek % 0,9ko zorra izan ahalko dute aurten, eta % 0,8koa, 2021ean. 

Defizit hori udalekin partekatzeko asmoa du Aldundiak. Argitu du oraindik ez dutela partekatzeko eredua zehaztu, eta Finantzen Euskal Kontseiluaren bileraren ondotik eta udalen beharren arabera egingo dutela azaldu du.

Gonzalezen hitzetan, "irizpidea da udal bat bera ere ez geratzea bere defizit ahalmenetik behera".

"Mugarria izan da akordioa"

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du Gonzalezek, lehen aldia baita aldundiek zorpetzeko aukera dutena. "Akordioa mugarria da gure finantzan autonomia aitortze aldera", azpimarratu du.

Ildo horretan, esan du joan den astean hitzartutakoak "garai zail hauetan lasaitasuna" ematen duela eta "kaudimena bermatzen" diela aldundiei eta udalei.

"Ulergaitza litzateke gure gizarte politikei eta gure arreta soziosanitarioari ez eustea edo ez indartzea; ulergaitza da Ogasuna egoera berrira ez moldatzea, eta ordaintzeko epeak ez malgutzea. Itxaron ezin duten beharrizanak daude. Ekonomia suspertzeak eta gizarte politikak hobetzeak ezin dute itxaron", defendatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Krisi ekonomikoa Araba Eusko Jaurlaritza Laudio Ekonomia Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Gasteiz Agurain Albisteak EAEko Udal eta Foru Aurrekontuak Arabako Foru Aldundia