Ekonomia -

Hezkuntza

Bigarren alarma egoeran eskola batzuk NBE eta FFP2 barik egotea salatu du Steilasek

Sindikatuaren ustez, "onartezina da exijentzietan eta eskubideen murrizketetan oinarrituriko politika hau".

Irakasle bat ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EFE
Irakasle bat ikastetxe batean.
Irakasle bat ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steilas sindikatuak kritikatu du alarma egoera "berriro" heldu dela Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) eta Nafarroara, eta bien bitartean, hainbat eskolatan Norbera Babesteko Ekipamendu (NBE) eta FFP2 maskara barik egotea. Era berean, salatu du langileek "ikasgelan kasu positiboa agertutakoan PCR proba egiteko eskubidea izan gabe" jarraitzen dutela.

Sindikatuak ohar batean nabarmendu duenez, "onartezina iruditzen zaigu exijentzietan eta eskubideen murrizketetan oinarrituriko politika hau". Hala, espero du "gobernu biek txaloak eta murrizketak baino zerbait gehiago helaraz dezatela espero dugu, baita EAEko sailburu berriak eskatzen zuen irribarrea baino ekarpen hobea egin dezatela".

"Osasun krisialdia hasi zenetik EAEko eta Nafarroako gobernuek etengabe eskatu diete hiritarrei ahalegindu daitezela, zuhurtziaz joka dezatela, produkzioari eta lanari eutsi diezaiotela etxetik nahiz presentzialki, bereziki emakumeentzat amaigabeak diren lanaldietan", salatu du Steilasek.

Halaber, azpimarratu du baliabideak, langile gehiago, osasun-materiala edo adostutako neurriak eskatu dituztenean "alarmistak" direla aurpegiratu dietela eta "ikastetxeetan guztia erabateko normaltasunean gauzatzen ari zela" zabaldu dutela "lau haizetara".

Sindikatuaren ustez, "ezingo gara krisialdi honetatik atera erantzukizuna hiritarren esku soilik badago, zerbitzu publiko duinak bermatu eta guztion ongizateaz arduratzen diren gobernuak behar ditugu, egun inoiz baino gehiago. Horri kontrajarriz, "momentuz zenbakiak aldekoak dituztenean erraz asko zintzilikatzen dituzte dominak lepoan; egoerak okerrera egiten duenean aldiz hiritarrei kargu hartzen diete".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Steilas Koronabirusa Alarma egoera