Ekonomia -

Koronabirusa

Tabernen edukiera % 30era murriztea "zoramena" da, Nafarroako ostalarien ustez

Muga horrekin euren negozioen gastu finkoak ordaintzeko lain ere ez dutela salatu dute. Halaber, Chiviteren eta Indurainen dimisioa eskatu dute, euren kudeaketagatik.

Iruñeko Estafeta kaleko taberna bat, itxita. Argazkia: EFE
Iruñeko Estafeta kaleko taberna bat, itxita.
Iruñeko Estafeta kaleko taberna bat, itxita. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako ostalaritzaren ordezkariek uste dute taberna eta jatetxeen barrualdeko edukiera % 30era murrizketa "zoramena" dela, muga horrekin euren negozioen gastu finkoak ordaintzeko nahikoa ez dutelako.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak atzo ostalaritzaren alorrerako egindako proposamena "onartezina" dela salatu dute. Ildo horretan, pandemiaren aurrean egin duten kudeaketarengatik, Maria Chivite Nafarroako presidentearen eta Santos Indurain Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu dute.

Ostalariek prentsaurrekoan azaldu dute euren jarrera. Argitu dute Osasun Departamentuak bilera batean iragarri zizkiela proposamenaren nondik norakoak (abenduaren 17tik aurrera establezimenduen barrualdea zabaldu ahal izatea, betiere % 30eko edukierarekin, eta 22:00ak arte irekitzeko baimena).

Ostalarien esanetan, Nafarroako sektore horren egoera "negargarria da", Espainiako Estatu osoan murrizketa gehien dituen erkidegoa delako.

Horrez gain, gogor kritikatu dituzte Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak atzo Parlamentuan egindako adierazpenak. Chiviteren arabera, "ostalaritzaren itxierak biziak salbatu ditu".

Horren harira, galdera bota du Ana Beriain Nafarroako Ostalaritza eta Turismo elkartearen presidenteak: "Itxita daramatzagun bi hilabeteetan egon diren hildakoen erantzukizuna norena da orduan?". Beriainen aburuz, datuek argi adierazten dute kutsatze gehienak gizarte eta familia arloan gertatzen direla, ez tabernetan.  .

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera