Ekonomia -

Emaitza negatiboak

Ibex 35ek % 1,61 egin du behera eta zorraren krisia zabaldu egin da

Bruselak atzera egin du eta ez die rating agentziei krisian dauden herrialdeen notak argitaratzea debekatuko.

Argazkia: Efe.
Argazkia: Efe.
Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako burtsak % 1,61 egin du behera gaur, eta 8.300 puntuko maila galdu du; zorraren krisia izan da nagusi berriro; izan ere, Europa osoan zabaltzen ari da. Inbertitzaileek tentuz jokatu dute, bai errenta aldakorrari bai zorrari begira.

Europako gainerako burtsa nagusietan ere galerak izan dira nagusi, Londresen izan ezik: % 0,3 egin du gora horrek. Parisekoak galera handienak izan ditu, % 1,7. Italiakoa % 1,2 jaitsi da eta Frankfurtekoa % 0,7.

Europako krisiaren konponbidearen inguruko zalantzak izan dira nagusi, eta horrek eragina izan du Espainiako arrisku sarian; ondorioz, Espainiako arrisku sariak euroa indarrean jarri zutenetik inoiz izandako mailarik baxuena harrapatu du, eta burtsak galtzen jarraitu du.

Espainiako arrisku saria 455 puntuan kokatu da.

Bestalde, Europako Batzordeak atzera egin du eta ez die rating agentziei EBk erreskatatutako herriei (Grezia, Irlanda edo Portugal) edo nazioarteko laguntza planak negoziatzen ari diren herriei buruzko notak argitaratzea debekatuko.

Eztabaida luze baten ostean, Michel Barnier Finantza Zerbitzuetako arduradunak agentzia horien kontrola indartzeko egindako proposamen gehienak leundu dituzte komisarioek, nahiz eta behin eta berriro errepikatu duten euroguneko zorraren krisiaren eragileak direla.

Besteak beste, komisarioek krisian dauden herrien kalifikazioak bi hilabetez bertan behera uzteko botereak ukatu dizkiote Merkatuen Europako Agintaritzari. Barnierren hitzetan, "ezegonkortasunari ezegonkortasuna gehitzea saihestea" zen helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea