Ekonomia -
AEB
Bidenek Trumpen neurriak desegiten eta berriak onartzen jarraitzen du
Schengen ingurutik, Erresuma Batutik eta Brasildik bidaiatzeko murrizketei eutsi die; covideko adituekin bilerak egingo ditu, eta Trumpek Indar Armatuetan transexualei jarritako betoa baliogabetu du.
N.B. | EITB MEDIA
Joe Bidenek Donald Trumepen neurriak desegiten eta berriak onartzen jarraitzen du. Ameriketako Estatu Batuetako presidente berriak Schengen Europako eremuari, Erresuma Batuari, Irlandako Errepublikari eta Brasili lehen zegozkien murrizketak mantentzen ditu, eta Hegoafrika gehitu dio zerrendari, covid-19aren hedapena saihesteko, Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak iragarri duenez.
Etxe Zuria utzi aurretik, urtarrilaren 20an, Donald Trump presidente ohiak Estatu Batuetara bidaiatzeko murrizketak kentzeko agindua eman zuen, Schengen eta Brasil herrialdeetatik, esaterako.
"Pandemiak okerrera egin du eta aldaera kutsakorragoak zabaldu dira, ez da nazioarteko bidaiei mugak arintzeko unea", eta B1351 aldaera kutsagarriaren argitan, Hegoafrika zerrendan sartu dutela esan du Psakik.
Etxe Zuriko bozeramaileak aurreratu duenez, Bidenen Administrazioak eta osasun arduradunek pandemiaren krisiari aurre egiteko lanean ari diren mediku adituekin bilerak egingo dituzte berriro.
Izan ere, Trump horrelako bileretatik deskonektatuta egon zen Etxe Zuriaren buru izan den azken hilabeteetan, eta ez zegoen oso prest mediku adituei pandemiaren egoeraz hitz egiten entzuteko.
"Aldian-aldian emango diogu presidenteari covid-19aren eta lortzen ari garen aurrerapenen berri", esan du Psakik. "Uste dut aurreko presidenteari jakinarazi zitzaiona baino askoz erregulartasun handiagoarekin".
AEBak dira pandemiak gehien kaltetutako herrialdea, 25 milioi kasu baino gehiago eta 419.000tik gora hildako, Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera.
Gainera, Minnesotako Osasun Departamentuak koronabirusaren Brasilgo aldaera berriaren lehen kasua erregistratu du astelehen honetan.
Biden, eguneko 150 milioi dosi emango dituztelakoan
AEBko presidentea "baikor" agertu da eta esan du egunero 150 miloi dosi emango dituztelakoan dagoela, eta hortaz, udarako "artalde immunitatea" lortzeko moduan egongo direla.
"Inoiz herri honetan egindako erronka logistiko handiena izango da, baina uste dut lortuko dugula", azpimarratu du Bidenek.
Pizgarrien plana
Bidenen hitzetan, aurreikusitako 1,9 bilioi dolarreko pizgarrien plana negoziatzeko prest dago, betiere Kongresuak oniritzia eman diezaion. Izan ere, hainbat kongresistek baztertu egin dute, garestiegia dela iritzita.
"Prozesua hasi besterik ez da egin", adierazi du Bidenek prentsaurrekoan. Bidenek presidente kargua hartu baino lehen aurkeztu zuen pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren aurre egiteko plan hori.
Egitasmoak familientzako 1.400 dolarreko laguntzak aurreikusten ditu, eta horren harira, hainbat kongresista kritiko azaldu dira ezarri diren irizpideak direla eta. Euren aburuz, beharrizan handienak dituztenei zuzendu behar dira laguntzak. Biden irizpideok negoziatzeko prest agertu da, edonola ere.
Abenduan onartutako pizgarri planak 600 dolarreko txekea ematen zien zergadun bakoitzari, baina urtean 75.000 dolar baino gutxiago irabazten zutenentzat edo 150.000 dolarreko baterako errenta zuten bikoteentzat baino ez zen izan.
Bidenen proposamenak langabeziarako laguntzak indartzeko, txertoak banatzeko eta gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igotzeko diru-partidak ere jasotzen ditu, besteak beste.
Bidenek prentsaurreko batean egin ditu adierazpen horiek, Gobernu federalak Estatu Batuetako produktuak erosteko dekretu bat sinatu ostean, koronabirusaren krisia dela eta herrialdea berreraikitzeko planaren barruan.
Planak agentzia federalak Estatu Batuetako enpresa eta langileen ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko bideratzen ditu, urteko 600.000 milioiko negozio-bolumenarekin.
"Ez dut uste, ezta segundo batez ere, Estatu Batuetako industriaren bizitasuna iraganeko kontua denik", esan du Bidenek neurria sinatu baino lehen; izan ere, tokiko industriari laguntzeko plan bat diseinatzeko kanpainan egindako promesa bati erantzuten dio.
Donald Trump aurreko presidenteak ere 2017an sinatu zuen AEBetako produktu eta zerbitzuen erosketa eta kontratazioa sustatzeko dekretua.
Gainera, transexualak Indar Armatuetan sartzea mugatzeko Donald Trump bere aurrekoak hartutako neurriak baliogabetzeko dekretu bat sinatu du, "genero identitateak soldadutzarako oztopoa izan behar ez lukeelako".
Trumpek 2017ko uztailean iragarri zituen lehen aldiz, eta presidentetzarako bi memorandum egin zituen. 2016ko datu ofizialen arabera, ia 9.000 militar transgenero gisa identifikatzen dira Estatu Batuetan, eta Defentsa Departamentuak urte horretan bertan ondorioztatu zuen integrazioak ez zuela ia eraginik antolaketan edo kostuan.
Joan den asteazkenean, presidenteak migrazioari, klima aldaketari, ekonomiari eta epidemiaren aurreko erantzuna hobetzeari buruzko lehen 15 agindu exekutiboak sinatu zituen, besteak beste, herrialdea Osasunaren Mundu Erakundera (OME) itzultzea.
Hori guztia, Estatu Batuetako ordezkarien Ganberak Donald Trump presidente ohiaren aurkako akusazio artikulua Senatura igorri duen testuinguru batean, urtarrilaren 6ko istiluetan eta Kapitolioari egindako erasoan "matxinada bultzatzeagatik", horrela, modu formalean, bere kontrako epaiketa politiko berri bat hasi da, bigarrena urtebete baino gutxiagoan.