Ekonomia -

Lan-gatazka

Aernnovako langile-batzordeak kaleratzeak baliogabetzeko eskatu du epaitegian

Kaleratzeak justifikatzeko zuzendaritzak pandemiaren krisia erabili duela eta hori iruzurra dela salatu dute. Halaber, Berantevillako lantegiak "milioi askoko irabaziak" eman dituela gogoratu dute.

Aernnovako langileen mobilizazio bat kaleratzeak salatzeko. Artxiboko argazkia: EFE
Aernnovako langileen mobilizazio bat kaleratzeak salatzeko.
Aernnovako langileen mobilizazio bat kaleratzeak salatzeko. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernnovako zuzendaritzak Berantevillako lantegian aurkeztu duen lan-erregulazio espedientearen kontra demanda bat jarri du langile-batzordeak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, iruzurra izan dela salatuz eta kaleratzeak baliorik gabe uzteko eskatuz.  

Lan-erregulazioa astelehenean sartu zen indarrean, eta 55 behargin kaleratuko dituzte.

Langile-batzordearen inpugnazioaren arabera, zuzendaritzak "iruzurra" egin du kaleratzeak justifikatzeko koronabirusaren pandemiak eragindako krisia erabili duelako argudio gisa.

Berantevillako lantegia enpresa-egitura baten parte dela eta erabakiak Iñaki Lopez Gandaseguik eta Kaizaharra sozietateak hartzen dituztela adierazi dute. "Haiek erabakitzen dute lana nola banatu eta beti euren mesedetan aritzen dira, horretarako langileei kalte egin behar badiete ere", salatu dute.

Lopez Gandaseguik Berantevillako fabrika "nahieran" erabiltzen duela eta, beraz, kaleratzeen arduradun nagusia bera dela azpimarratu dute. Halaber, gogora ekarri dute azken urteetan "milioi askoko" irabaziak izan dituztela.

Langile-batzordearen esanetan, lan-zamaren jaitsiera koronabirusaren krisiaren ondorioa da, "baina ez da arazo estrukturala". Ildo horretan, pandemia aurreko hilabeteetan fabrikan jarduera erabatekoa zela eta zuzendaritza lanaldiak luzatzen saiatu zela erantsi dute.

"Egungo egoera covid-19aren agerraldiak eragin du. Beraz, lan-erregulazio espedientea aurkeztuta, enpresa iruzurra egiten ari da", ohartarazi dute.

Arazoaren jatorrian pandemia dagoenez, zuzendaritzak aldi baterako lan-erregulazioa aurkeztu beharko lukeela adierazi dute.

Horrez gain, langile-batzordeak kritikatu du lan-erregulazioaren baldintzak adosteko prozesuan zuzendaritzak ez zuela kaleratzeak ekiditeko borondaterik izan eta proposamen guztiak baztertu zituela.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak