Publizitatea
Itxi

2021/03/01

14:43

Ekonomia

LAN GATAZKA

Greba Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean astearte eta asteazkenean

EITB MEDIA

Ospitaleko langileek beste bi greba egun antolatu dituzte, zentroko zuzendaritzari esertzea eta hitzarmenerako "proposamen duin bat" negoziatzea eskatzeko.

  • San Juan de Dios Ospitalea, Santurtzi.

    San Juan de Dios Ospitalea, Santurtzi. Argazkia: San Juan de Dios Ospitalea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Santurtziko (Bizkaia) San Juan de Dios Ospitaleko langileek greba egingo dute bihar, martxoak 2, eta asteazkenean, martxoak 3. SATSE, UGT, CCOO eta ELA sindikatuek salatu dutenez, ospitaleko zuzendaritzak "ez du oraindik lan hitzarmen berria negoziatzeko ahaleginik egin".

"Hilabeteetako protestaren ostean, zuzendaritzak ez die langileei entzun. Negoziazio proposamenek ez dute ez hankarik ez bururik, eta horrela ezinezkoa da jarrerak hurbiltzea", salatu dute sindikatuek.

Asteartean, 11:00etatik 12:00etara eta 17:30etik 18:30era egingo dituzte elkarretaratzeak. Asteazkenean, manifestazioa egingo dute Santurtziko parketik hasita.

"Dagoeneko 9 urte baino gehiago dira hitzarmenik gabe, gure ordainsariak eta lan-baldintzak eguneratu gabe. Hobekuntzak behar ditugu, sektoreko gainerakoekin parekatuko gaituztenak, profesionalen ihesa saihestuko dutenak eta gaur egungo soldatak bermatuko dutenak. Langile askok lanbide arteko gutxieneko soldata ozta-ozta gainditzen dute", adierazi dute.

Sindikatuek kritikatu dutenez, zuzendaritzaren jarrerarekin, "langileen aldarrikapenak asebeteko dituen eta galdutako erosahalmena itzuliko duen akordioa lortzeko argi urte batzuk falta dira".

"Baldintzen prekarizazioak, sektoreko baldintzekin parekatzen ez direnak eta sektore publikoko baldintzetara hurbiltzen ez direnak, profesionalen artean ezinegona eragiten du" eta "hilabete amaierara zailtasunez iristen diren pertsona asko daude", adierazi dute. Hori dela eta, langileen eskakizunak entzuteko eta "proposamen duin bat" negoziatzeko eskatu diote zuzendaritzari.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena