Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Arrasateko Aita Menni ospitaleko langileek greba egingo dute asteazken honetan
ELAk grebara deitu ditu osasun arloko 500 profesional, zentroko zuzendaritzari lan baldintzetan inbertitzea eskatzeko. Beste lanuzte egun bat aurreikusi dute apirilaren 15erako.
EITB MEDIA
ELA sindikatuak greba deitu du asteazken honetan, martxoak 24, Arrasateko Aita Menni ospitalean. 500 langile grebara deitu dituzte ospitaleari lan baldintzetan "inbertitzea" eskatzeko. Hurrengo lanuztea apirilaren 15ean izatea aurreikusi dute.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, osasun zentro horrek "lau milioi euroko irabaziak izan ditu eta 10 milioi euroko inbertsioak egin ditu azken bost urteetan". Testuinguru horretan, langileen lan-baldintzetan inbertitzeko garaia dela uste du.
ELAk salatu duenez, "duela hiru urte hasitako hitzarmenaren negoziazioaren ostean, enpresak ez du oraindik erantzukizunik eta konpromisorik hartu" eta, gainera, "pandemiaren aurretik mahai gainean zeuden proposamenak okertu ditu".
Sindikatuaren arabera, enpresak "langileen esku utzi nahi du norbera babesteko ekipamenduen kostua, soldatak izoztuz". Gainera, "urtez urte gaixoen asistentzia kalitatea okertzen ari da, langileen prekarietatea areagotuz", gehitu du.
ELAk hitzarmena negoziatzeko "borondatea" agertu du, baina "langileentzako murrizketak ekarriko dituen proposamen bat" ez duela onartuko ohartarazi du. Hori dela eta, asteazken honetako grebarekin eta deitutako mobilizazioekin bat egiteko deia egin die langileei, baita apirilaren 15ean egingo duten grebarekin ere.