Ekonomia -

Protesta

SOS Ostalaritzak Jaurlaritzaren egoitza okupatu du Donostian laguntzak eskatzeko

LABIk onartu dituen azken murrizketek sektoreari egindako kalteengatik laguntzak eskatzeko egin dute.

SOS Ostalaritzaren protesta, Donostian. Argazkia: EiTB
SOS Ostalaritzaren protesta, Donostian. Argazkia: EiTB
SOS Ostalaritza elkarteak Jaurlaritzaren egoitza okupatu du Donostian

1:59

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Ostalaritza elkarteko kideek Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitza okupatu dute modu baketsuan LABIk onartu dituen azken murrizketek sektoreari egindako kalteengatik laguntzak eskatzeko.

SOS Ostalaritzak prentsaurreko bat zuen deituta Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean 09:30ean, baina une horretan 30 bat lagun eraikinean sartu dira oihuka sektorearen aldeko aldarrikapenak egitera, bertan zeuden langile eta erabiltzaileen harridura eraginez.

"Okupazio baketsua" izan dela azpimarratu dute elkartearen bozeramaileek, kideek kolektiboaren aldeko leloak zeramatzaten kartelak erakusten zituzten bitartean; tartean, "Urkullu, aski da. SOS Ostalaritza" leloa handi-handi zuen pankarta bat.

Minutu batzuk igarota, Garazi Otegi eta Elena Guinea bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute eraikinaren barruan. "Urkulluren Jaurlaritzak, beste behin ere, ostalaritza egin du epidemiaren joeraren erantzule eta errudun", salatu dute.

"Argi utzi nahi dut ez gaudela irekita. Urtebete daramagu % 30ean lanean, eta horrek oso egoera kritikoan uzten gaitu. Taberna askok ateak itxi dituzte, eta beste askok etorkizun beltza dugu beharrezko neurriak hartzen ez badituzte", adierazi dute.

Hori horrela, ostalaritzari eragiten dioten neurri murriztaileak hartzen diren bakoitzean "atal bat gehitzeko" eskatu dute, "dagokion kalte-ordain ekonomikoa argitze aldera", eta kalte-ordain guztiek "atzeraeragina" izatea sektoreko langileak "% 100ean itzultzeko".

Era berean, "zerga guztiak ezabatzea, alokairuak gelditzea, PFEZ murriztea, BEZa murriztea" eta zaborren, uraren eta terrazen zergak kentzea eskatu dute.

"Langileen soldatak osatzea eta Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostenen irregulartasunak zuzentzea" ere eskatu dute, eta horretarako laguntzak eskatzeko "burokrazia bizkortu" beharra dagoela uste dute.

Azkenik, ostalaritza sektoreari "antolatzeko eta mobilizatzeko" deia egin diote, "egoera ahal bezain laster konpontzeko".

Protestaldia amaituta, Jaurlaritzaren egoitza utzi dute, baina sarreran pankarta handi bat jarrita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Manifestazioak Euskal jatetxeak Ostalaritza Euskadin Lan gatazkak albisteak gaur