Ekonomia -

MARTXOKO DATUAK

993 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskadin, eta 499 gutxiago Nafarroan

Lanik gabe zeuden 130.021 pertsona zenbatu dituzte martxoan EAEn. Nafarroan, berriz, 42.487 langabe zenbatu dituzte.

Langile bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat, Bilbon
Langile bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021eko otsailean baino 993 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoan, eta Nafarroan, berriz, 499 gutxiago, Espainiako Lan eta Ekonomia Ministerioak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera.

Zehazki, EAEn 130.021 langabe daude guztira, hau da, aurreko hilean baino % 0,77 gehiago. Hala, 2020ko martxoko datuekin alderatuta, Euskadin 1.808 langabe gehiago zenbatu dituzte, hau da, % 1,41 gehiago, baina Estatuko batezbestekoaren azpitik (% 11,31).

Otsaileko datuekin alderatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igo egin dira langabeziari buruzko datuak. Hain zuzen ere, Bizkaian 785 pertsona gehiago daude lanik gabe (% 1,08 gehiago), 73.559 langabe baitaude; Gipuzkoan 165 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 0,48 gehiago), guztira 34.564 pertsona baitaude langabezian; eta Araban 43 gehiago daude lanik gabe (% 0,20 gehiago), guztira 21.898 langabe zenbatu baitituzte.

Iazko epe bereko datuekin alderatuta, % 2,10eko igoera izan da Araban (450 langabe gehiago), % 1,37koa Gipuzkoan (467 langabe gehiago) eta % 1,23koa Bizkaian (891 langabe gehiago).

Nafarroan, berriz, otsailean baino 499 langabe gutxiago zenbatu dituzte martxoan, hau da, aurreko hilean baino % 1,16 gutxiago. Guztira, 42.487 langabe daude Foru Erkidegoan.

Langabeen artean, 17.807 gizonak dira eta 24.680 emakumeak. Adinari dagokionez, berriz, 5.118k (2.557 gizon eta 2.561 emakume) 25 urte baino gutxiago dituzte, eta 37.369k (15.250 gizon eta 22.119 emakume) 25 urte baino gehiago.

Jarduera-sektoreei dagokienez, nekazaritzan 2.507 langabe daude (97 gehiago), industrian 5.609 (95 gutxiago), eraikuntzan 1.888 (44 gutxiago), zerbitzuetan 27.990 (536 gutxiago) eta aurreko enplegurik gabekoak 4.493 dira (79 gehiago).

Espainiako Estatuan, guztira, 59.149 langabe gutxiago zenbatu dituzte martxoan, 3,94 milioi langabe, eta Gizarte Segurantzan, batez beste, otsailean baino 70.790 afiliatu gehiago daude.

Eusko Jaurlaritzak "arreta handiz" aztertuko ditu datuak

Testuinguru horretan, datuok diotena "arreta handiz" aztertuko duela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak. Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordearen hitzetan, "martxoan, langabeziak behera egin ohi du normaltasun ekonomikoaren garaian, eta krisi garaian gora".

"Beste alderdi garrantzitsu bat da langabeziak gora egin duela berriro ere emakumeen artean. Eta emakumeen langabeziarekin batera, gazteen artean eta 54 urte baino gehiagoko herritarren artean ere gora egin du langabeziak, nabarmen. Beraz, gure lan-merkatuan egiturazkoak diren sakoneko desberdintasun horiek mantentzen dira", esan  du Gurpegik.

Hala ere, Lan eta Enplegu sailburuaren ustez, "martxoko enpleguaren datu txarrak, aurreko hilabeteetako datu onek bezala, ez du ezkutatzen euskal ekonomiak erakusten duen indarra, eta horrek modu sendoan mantentzen gaitu krisialditik irteteko".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokionez, % 1,1 jaitsi da (636 gutxiago), hainbat hilabetez etengabe hazi ondoren. Dena dela, "jaitsiera horrek ez du ezkutatzen duela urtebete baino 2.639 pertsona gehiago daudela egoera zail horretan", azpimarratu du sailburuordeak.

"Administrazioen laguntzak erabakigarriak izaten ari dira, eta une honetan txertaketaren arrakasta erabakigarria da egoera honekin amaitzeko. Irtenbide horretan, behin-behinekotasuna, kronifikazioa eta generoaren edo adinaren araberako desberdintasunak zuzendu behar ditugu", gaineratu du Gurpegik.

Datuak "nahiko positiboak" direla azpimarratu du Nafarroako Gobernuak

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak, Foru Erkidegoko datuak "nahiko positiboak" direla esan du, "pandemiaren bilakaerak eta txertaketa prozesuak eragindako ziurgabetasuna gogoan izanda".

Maeztuk langabezia datuen beherakada nabarmendu du, "azken hilabeteetako joera hausten duelako eta azken urteetako garrantzitsuenetakoa delako martxoan. Positiboa da martxorik onena delako 2016tik, nahiz eta gaur egungo egoera txarra izan".

Halaber, Eskubide Sozialen arduradunak azpimarratu du aldi baterako lan erregulazioan dauden pertsona kopuruak behera egin duela, eta langabeziak gehien astindu dituen kolektiboak gogorarazi ditu, "emakumeak, atzerritarrak eta gazteak, horiek izango baitira enplegu-politika aktiboen hartzaileak kontratazioa indartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak