Itxi

2021/04/06

18:18

Ekonomia

Pentsio planak

Jaurlaritzak ez ditu aurreko krisialdian Itzarrirako ziren ekarpenak ordaindu beharko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Auzitegi Gorenak atzera bota ditu ErNE eta ELA sindikatuek jarritako helegiteak. Jaurlaritzak, Rajoyren gobernuaren dekretua aintzat hartuta utzi zituen bertan behera Itzarriri egindako ekarpenak.

  • Eusko Jaurlaritzaren egoitza

    Eusko Jaurlaritzaren egoitza. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak ez ditu ordaindu behar izango aurreko krisi ekonomikoan euskal administrazio publikoko funtzionario bakoitzagatik Itzarri Gizarte Aurreikuspeneko Planari eman ez zizkion zenbatekoak.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi du gaur Auzitegi Gorenak. 2019an, epaitegi horrek arrazoia eman zion Eusko Jaurlaritzari, ErNE eta ELA sindikatuek jarritako helegiteen aurrean. Auzitegi Gorenak erabaki bera hartu du astearte honetan, eta sindikatu horiek jarritako helegiteak aztertu ondoren, ebazpena jakinarazi die.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Auzitegi Gorenak gaur goizean eman du epaia, eta horren edukia datozen egunetan jakinaraziko dute. Horrenbestez, epaitegiek atzera bota dute ErNE eta ELA sindikatuek egindako eskaera.

Eusko Jaurlaritzak, Mariano Rajoyren gobernuaren dekretua aintzat hartuta utzi zituen bertan behera Itzarriri egindako ekarpenak; izan ere, Rajoyren exekutiboak 2012an debekatu zuen aurreko krisi ekonomikoa iraun bitartean funtzionario publikoentzako pentsio-planetarako eta BGAEetarako ekarpenak egitea.

Sindikatuek helegitea aurkeztu zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera langile publikoek Itzarrira % 3ko ekarpenak egin zitzatela eskatuz, egun horretan pentsio-planei ordainketa horiek egiteko debekua kendu baitzen.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, atzera bota zuen bi sindikatuen eskaera, eta Auzitegi Gorenak gauza bera egin du orain.

Sindikatuek borrokan jarraituko dute ekarpenak lortzeko

ELAk ohar batean adierazi duenez, epaiaren ostean, "borrokan jarraituko dugu Eusko Jaurlaritzak Itzarriren murrizketarekin amaitzeko", eta kaltetutako langileei "euren eskubideen alde mobilizatzeko" deia egin die.

Sindikatu horrek nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzan dauden alderdiek (EAJ eta PSE-EE) "uko egiten diote Itzarriri ekarpenak egiteari, bai, ordea, Elkarkidetzari", hau da, udaletako eta hiru foru aldundietako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei, erakunde horietan ere gobernatzen baitute.

ELAk zehaztu du oraindik ez duela epaiaren berri, eta komunikabideen bidez ezagutu duela.

Bestalde, Erneko bozeramaile batek esan duenez, Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euroko ekarpena egiteari utzi dio, eta Auzitegi Gorenaren epaia "bidegabekeria nabarmena" da.

Ertzaintzaren sindikatuak Auzitegi Konstituzionalean edo Europako Justizian helegitea jartzeko aukera aztertuko du; izan ere, EAEko funtzionarioentzat "diskriminatzailea dela" uste du, aldundietako edo udaletako beste langile publiko batzuekin alderatuta.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;