Ekonomia -
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA
Zabalik dago kontsumitzaileek On Egin bonuak lortzeko epea
EAEko kalitate bereiziko produktuetan 100 euro erosteagatik, kontsumitzaileek 50 euroko deskontu bonua jasoko dute Euskadiko turismo ostatuetan erabiltzeko.
EITB MEDIA
Zabalik dago kontsumitzaileek On Egin bonuak lortzeko epea. HAZIren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez garatutako ekimenaren helburua da Euskadiko kalitate bereiziko produktuen kontsumoa sustatzea. Horrela, kalitate ziurtatuko produktuetan 100 euro erosteagatik, kontsumitzaileek 50 euroko deskontu bonua jasoko dute Euskadiko turismo ostatuetan erabiltzeko.
Covid-19ak eragindako egoerak ondorio negatiboak izan ditu Euskadiko elikadura katearen azpisektore askotan. Ekimen honen bidez, kalitatezko elikagaiak eta edariak ekoizten dituzten lehen sektoreko eragileei lagundu nahi zaie. Zehazki, hauek dira On Egin Bonoak kanpainan parte hartuko duten produktuak: Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina; Arabako Errioxako Ardoa; Arabako Errioxako Cava; Idiazabal Gazta; Euskal Sagardoa; Basque Beer; Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa; eta Eusko Label.
Egitasmoaren beste helburua da pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreetako beste bat bultzatzea, autonomia erkidegoko turismo ostatuak ere babestuz. Programa, zehazki euskal biztanleei zuzenduta dago, baina EAEtik kanpoko lagunak ere baliatu ahalko dira, identifikatutako produktuak kontsumitzen badituzte.
Bonuak lortzeko, kontsumitzaileek Euskadin ziurtatutako kalitate bereiziko produktuak erosi beharko dituzte, gutxienez 100 euroren truke eta faktura bakarrean. Erosketak txikizkako dendetan, merkataritza elektronikoko atarietan eta Euskadiko lehen sektore eta elikagaien sektoreko ekoizleen zuzeneko salmenta puntuetan egin ahalko dira. Ondoren, erosketaren fakturari argazkia atera, oneginbonoa.eus webgunera igo eta 50 euroko bonuaren eskaria bete beharko dute.
Webgunean bertan kontsultatu ahalko dira erosketa egiteko eta deskontu bonoaz gozatzeko aukeratu ahal diren dendak eta ostatuak. Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu lortu ahalko ditu gehienez, eta ezingo dira metatu (bonu bat ostatuko gau bakoitzeko).
Guztira 30.000 bonu eskainiko dira, eta programarako erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera emango dira.
Epeak
Oraindik ekimenarekin bat egin ez duten denda edo ostatuek izena eman dezakete oneginbonoa.eus webgunean, maiatzaren 22ra arte. Horiek guztiak kanpainaren irudiarekin identifikatuko dira errazago aurkitzeko.
Bonuak atzotik (apirilak 19) 2021eko abenduaren 31ra arte lortu ahal dira. Horiek baliatzeko epea ekainaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 31n amaituko da.