Publizitatea
Itxi

2021/04/22

06:26

Ekonomia

Lan-gatazka

Greba eguna gaur EAEko sektore publikoan, enplegua egonkortzea aldarrikatzeko

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Sindikatuek ohartarazi dute ia 60.000 langile publiko kontratu finkorik gabe daudela. Manifestazioak antolatu dituzte goizerako (11:30) Bilbon, Donostian eta Gasteizen.  

  • Sektore publikoko sindikatuek egindako mobilizazio bat.

    Sektore publikoko sindikatuek egindako mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

ELA, LAB, CCOO, ESK, Satse eta Steilas sindikatuek greba deitu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publiko guztian lantaldeak egonkortzea eskatzeko eta gehiegizko behin-behinekotasun tasak salatzeko. Ildo horretan, ohartarazi dute ia 60.000 behargin publiko kontratu finkorik gabe ari direla lanean.

"Enplegu publikoaren behin-behinekotasunaren arazo larriaren eta lanpostu publikoen suntsiketaren aurrean" premiazko neurriak har ditzala eskatzen diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari.

"Oraingoz, Jaurlaritzak ez du inolako erantzunik eman gure aldarrikapenen harira", deitoratu dute. 24 orduko lanuzte honekin enplegu publiko gehiago sortzea eta behin-behineko egoeran dauden milaka langileren kontratuak finkatzea exijituko dute.

Greba dela eta, sindikatuek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 11:30etik aurrera. Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da; Donostiakoa, Bulebarretik; eta Gasteizkoa, udaletxetik.  

Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak % 100ekoak izango dira Osakidetzan, covid-19ari lotutako zereginetan (txertaketa kanpainan, esaterako) eta ospitaleetako lantaldea larunbatetan izan ohi den bestekoa izango da.  

Sindikatuek salatu dute zerbitzu minimoak beste behin ere "gehiegizkoak" direla eta koronabirusaren pandemia "aitzakia" gisa erabili dutela, "inoizko osasun krisirik handiena pairatzen ari garen arren, orain arte osasun zerbitzu horiek indartzeari uko egin baitiote".  

Ezarritako gutxieneko zerbitzuen harira, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak sindikatuei erantzun die. Haren esanetan, epaitegien babesa dute eta gauza guztien gainetik osasunerako eskubidea bermatu nahi izan dute.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena