Ekonomia -

Langabezia

Euskadiko langabezia tasa % 11,1era jaitsi da lehen hiruhilekoan

Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 105.700 langabe daude, hau da, 3.900 gutxiago.

Un par de personas caminan frente a un comercio que se liquida. Foto de archivo: EFE
Un par de personas caminan frente a un comercio que se liquida
Un par de personas caminan frente a un comercio que se liquida. Foto de archivo: EFE

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko langabezia tasa 0,3 puntu jaitsi da lehen hiruhilekoan, aurreko hiru hilabeteekin alderatuta, eta % 11,1ekoa izan da; guztira, 105.700 langabe daude, hau da, 3.900 gutxiago.

Langabezia % 0,8 jaitsi da gizonen artean eta tasa % 10,9an geratu da, baina emakumeen artean % 0,3 igo da eta % 11,3ra iritsi da. Lurraldez lurralde aztertuta, langabezia % 1,4 igo da Araban eta % 11,8ko tasarekin geratu da, baina Bizkaian % 0,7 jaitsi da (% 12,1) eta Gipuzkoan % 0,3 (% 9,2).

Hiriburuei dagokienez, Bilbon eta Donostian langabeziak behera egin du, 400 eta 200 pertsonatan hurrenez hurren, eta Gasteizen, berriz, gora, 2.700 pertsonatan.

Euskadin, oro har, langabeziak behera egin duen arren, biztanleria okupatua % 0,5 murriztu da urtearen hasieran, 929.200 pertsonakoa izan baita (aurreko hiruhilekoan baino 4.400 gutxiago); izan ere, industrian eta eraikuntzan okupatuen kopuruak gora egin izanak ez ditu zerbitzuen eta lehen sektoreko jaitsierak orekatu.

Biztanleria okupatuaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56koa da, 2020ko azken hiruhilekoan baino % 0,3 txikiagoa, Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestaren (BJA) arabera. Inkesta hori ostiral honetan argitaratu du Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat).

Bestalde, okupazio-tasa, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona okupatuen ehuneko gisa kalkulatuta, % 0,2 jaitsi da, eta % 66,7an dago (% 69,5 gizonen artean eta % 63,9 emakumeen artean).

Eustatek azaldu du, hala ere, pandemiak eta horren hedapenari eusteko murrizketek baldintzatzen dutela jarduera, bai eta biztanleria okupatuari edo okupazio-tasari buruzko zifrak ere, aldi baterako lan erregulazioko txostenak bezalako tresnen "erabilera masiboaren" ondorioz.

Lehen hiruhileko honetako datuak 2020ko epe bereko datuekin alderatuz gero, biztanleria okupatua % 2,2 murriztu dela eta langabezia-tasa % 1 igo dela ikus daiteke; horrek esan nahi du pandemia hasi aurretik baino 9.300 langabe gehiago daudela.

Beste datu aipagarri bat da lehen hiruhilekoan 1.400 etxetan murriztu direla pertsona guztiak langabezian dituzten familiak, eta 6.900 familiatan handitu direla kide guztiak aktibo dituzten familiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak