Ekonomia -

Sistema aldaketa

Udaltzainak kudeatzeko sistema "kale egiten" ari da, ErNEren arabera

Polizia sindikatuak salatu duenez, hainbat udalek Arkautiko zerrendatik kanpo bilatu behar izan dituzte agenteak, "modu irregularrean eta aukera berdintasuna oztopatuz".

Bilboko bi udaltzain. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko bi udaltzain.
Bilboko bi udaltzain. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren ErNE sindikatuaren arabera, Udaltzaingoaren baitan langileak kudeatzeko sistema "kale egiten" ari da, Arkautiko Akademiaren esku utzi ostean, langile faltagatik "arazoak sortu" direlako.

Lehen udalek kudeatzen zuten udaltzainak kontratatzeko sistema, baina orain, Arkautiren esku utzita, tokian tokiko erakundeek "agenteak edozein tokitan bilatu behar izan dituzte, Arkautiko behin-behineko langileen zerrendan jenderik ez dagoelako", sindikatuak ohar batean salatu duenez.

ErNEk egoera horren adibideak eman ditu. Hala, Mungian eta Trapagaranen (Bizkaia) eta Arrasaten, Eibarren eta Zarautzen (Gipuzkoa) udaltzainak kontratatzeko prozesuak jarri behar izan dituzte martxan, Akademia bazter utzita. "Behin-behineko langileentzat formazio ikastaroak atera behar izan dituzte korrika eta presaka, modu irregularrean, publiko egin barik, eta aukera berdintasuna oztopatuz", kritikatu du.

Sindikatuaren ustez, beharrezkoa da kudeaketa sistema horren inguruko "eztabaida serioa" egitea "behin-behinekotasuna ez delako konponbidea, adabakia baizik, eta ErNEk urteak daramatza hori salatzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eibar Eusko Jaurlaritza Mungia Euskal Autonomia Erkidegoa Zarautz Arrasate Ekonomia Eguneko albisteak Trapagaran Albisteak Sindikatuak