Ekonomia -

Koronabirusaren krisia

Espainiako Gobernuak ofizialki aurkeztu du ekonomia suspertzeko plana Bruselan

Dokumentu horretan daude jasota Europako funtsetako 70.000 milioi euroekin 2021etik 2023ra egin asmo dituen erreformak eta inbertsioak.

Langileak. Argazkia: EiTB
Langileak. Argazkia: EiTB
Langileak. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak ostiral honetan aurkeztu du ofizialki ekonomia suspertzeko, eraldatzeko eta erresilentzia plana Europako Batzordearen aurrean, eta bertan azaldu ditu Europako funtsetako 70.000 milioi euroekin 2021etik 2023ra egingo dituen erreformak eta inbertsioak.

"Espainiaren susperraldi plana jaso dugu", adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Bere esanetan, Europako funtsekin "trantsizio ekologikoari eta digitalari, kohesioari eta genero berdintasunari lotutako proiektuen bidez finantzatuko da susperraldia".

Espainiak aurkeztutako txostenak 348 orrialde ditu, eta lau zutabe nagusi: eraldaketa berdea; eraldaketa digitala; lurralde eta gizarte kohesioa; eta genero berdintasuna, zehaztu du Europako Batzordeak.

Gainera, Batzordeak esan du mugikortasun iraunkorra, eraikinen eraginkortasun energetikoa, energia garbia, eskumen digitalak, konexio digitalak, sektore industrialaren eta enpresa ertain eta txikien babesa, eta etxebizitza soziala ere badaudela neurrien artean.

Espainiako Gobernuaren proiektuak 2021-2023 garaian zentratzen omen dira.

Europako Batzordeak bi hilabeteko epea du orain egitasmoa aztertzeko eta oniritzia eman ala ez erabakitzeko. Oniritzia jasoz gero, estatu kideek beste lau aste izango dituzte gehiengo kualifikatuarekin onartzeko. Bien argi berdea behar da diru-laguntzak jasotzeko.

Bruselak espero du datozen egunetan iritsiko direla gainerako planak, izan ere, ostiral honetan amaitu da epea, eta bederatzi estatuk soilik lortu dute garaiz aurkeztea.

Gaur aurkeztu dituzte planak Danimarkak, Luxenburgok eta Letoniak ere, Europako Batzordeak Jakinarazi duenez.

Eslovakiak eta Frantziak ostegunean aurkeztu zituzten egitasmoak; Alemaniak eta Greziak, asteazkenean; eta Portugal, Europako Batzordearen presidentzia duena, izan zen lehena, apirilaren 22an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak