Publizitatea
Itxi

2021/05/01

14:36

Ekonomia

Maiatzaren Lehena

LABek “beste greba orokor bat” beharrezkotzat jo du Bilboko manifestazio jendetsuan

EITB Media | Agentziak

Ehunka pertsonak hartu dute parte LABek Bilbon eta Iruñean deitutako manifestazioetan, koronabirusaren kontrako segurtasun neurriek baldintzatutako Maiatzaren Lehenean.

1:18
Garbiñe Aranburu, LABen idazkari nagusia
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ehunka pertsonak hartu dute parte LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Bilbon deitutako manifestaldian, Zabalburu plazatik abiatu eta udaletxe aurreko ekitaldi publikoraino.

“Aldaketa da aukera! Zaintza, lana, bizitza, herria!” lelopean, “pandemia osteko garaian ere indartsu agertzeko eta lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokatzen jarraitzeko” asmoa agertu du sindikatuak, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbon esan duenez.

Manifestariak, Bilboko udaletxearen aurrean. Argazkia: EITB Media

Udaletxe aurreko ekitaldian, Aranburuk azaldu du momentuak “beste greba orokor bat” eskatzen duela, “borrokarik gabe ez delako inposatutako politiken norabide aldaketarik egongo”.

Ildo beretik, ordezkari sindikalak berretsi du egungo sistema ez dela jasangarria, “ez sozialki, ez ekologikoki”, eta, hortaz, “eredu ekosozialista eta feministago baterako bidea” egiteko beharra dagoela gaineratu du.

Mobilizazioak beste hainbat hiriburutan

LABek beste hainbat herri eta hiriburutan egin ditu manifestazioak, Baionan, Donostian, Gasteizen eta Iruñean kasu.

Azken horretan, sindikatuko delegazio nafarrak Gazteluko plazan hasi du protesta, 12:00ak aldera. Aurretik, Imanol Karrera ordezkariak adierazi du egungo sistemak aldaketak behar dituela eta horiek “prekaritatearekin amaitu eta egoera justuago bat ezarriko duten lan neurri eta neurri sozialen bidez” lortu behar direla. Karrerak gaineratu du “lan erreforma indargabetzea” beharrezkoa dela, “ezegonkortasun gehiago” eragiten ari delako eta aberastasunaren zein lanaren banaketaren inguruko eztabaida nahitaezkoa delako.

Protesta bukatuta, LABeko bozeramaileak salatu du “CEN patronalak, Espainiako poliziarekin batera”, LABen jarrera ezin hobeto ulertu duela eta horregatik egin dutela asteon “sindikatuaren kontrako polizia operazioa.

Hala, LABen bozeramaileak azaldu du poliziaren mezua argi ulertu dutela, eta honakoa gaineratu du: “Hona hemen gure mezua: ez gaituzue geldituko, ez gaituzue geure bidetik aterako, kaleetan ikusiko dugu elkar eta bukaeraraino borrokatuko gara”.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena