Ekonomia -
BIZKAIKO AZPIEGITURAK
Bizkaiak eta Bilboko Portuak itsasadarreko bulebarra egiten lagunduko dute
Foru Aldundiak eta Portuko Agintaritzak Erandio eta Barakaldo batuko dituen zubi mugikorra egiteko lanetan ere parte hartuko dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Bilbo eta Getxo arteko itsasadarraren ondoan oinezkoentzako eta bizikletentzako bulebarraren proiektua eta Erandio eta Barakaldo lotuko dituen zubi mugikorra partekatzeko.
Foru erakundea arduratuko da bi azpiegiturak garatu eta eraikitzeaz, eta Portuak, berriz, lanak egiteko behar diren guneak jarriko ditu, portuko lursailean egiten direnak baimenduko ditu eta erriberako pasealekuko hormen egoera berrikusiko du.
Hitzarmena astelehen honetan sinatu dute, Portuko Agintaritzaren eraikin nagusian, eta Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak eta Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea izan dira bertan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura izango da Barakaldo eta Erandio arteko bulebarra eta zubi mugikorra eraikitzeko proiektuak egin eta onartzea, eta obren finantzaketa, lizitazioa, kontratazioa, exekuzioa, likidazioa eta zuzendaritza egiteaz ere bera arduratuko da.
Bilboko Portu Agintaritzak, berriz, behar diren espazioak ezarriko ditu obrak egiteko, portuko eremu publikoan egingo diren obrak baimenduko ditu eta ibaiertzeko hormen egoera berrikusiko du.
Protokoloa sinatu ostean, Imanol Pradalesek eskerrak eman dizkio Portuko Agintaritzari BI-711 errepidea bulebar bihurtzeko emandako laguntzagatik. Proeiktu horrekin, Aldundiak itsasadarraren eskuinaldeko fatxada "goitik behera" eraldatu nahi duela azaldu du, eta mugikortasun iraunkorra bultzatu nahi duela Bilbo, Erandio, Leioa, Getxo eta Barakaldo udalerrien artean.
Ricardo Barkalak, berriz, gogorarazi du Portuko Agintaritzak itsasadarraren inguruan eta Bilboko Portuan bertan "interes orokorreko hirigintza-proiektu eta -jarduera ugari" garatzea erraztu duela, bai eta itsas pasealekuak sortzea, sarbide eta bide publikoak ezartzea edo ibaiertzeko udalerrietako biztanleentzako jolas-espazio berriak berreskuratzea eta irekitzea ere.
Aisialdirako trafikoa
Barkalak, halaber, etorkizunean bi ertzak lotuko dituen zubia "mugikorra izateak eta ibai-ibilguan nabigagarritasunari eusteko gutxieneko altuera izateak duen garrantzia azpimarratu du, itsasadarrean oraindik dagoen portu-jardueragatik eta aisialdiko trafikoa mantendu eta bultzatzeagatik".
Bilbo eta Getxo arteko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia otsailean aurkeztu zituen Foru Aldundiak, 600 bat pertsonaren mugikortasun jasangarria errazteko funtsezko proiektu gisa. Bulebarra bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna protagonista izango den espazio gisa planteatzen da.