Ekonomia -

Pentsio duinak

Pentsionistek EAEko eta Nafarroako Parlamentuetara eraman dituzte beren eskariak

Pentsionisten Mugimenduak ohartarazi du aurten "murrizketa gehiago" izango direla eta pentsio duinik gabe eta lan-erreforma baliogabetu gabe "prekarietatea eta pobrezia" areagotu egingo direla.

Pentsionistek Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Pentsionistek Gasteizen egindako manifestazioa.
Pentsionistek Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan izan dira gaur goizean, talde parlamentarioei beren aldarrikapen nagusiak biltzen dituen dokumentua zuzenean helarazteko.

Halaber, herritar guztiei deia egin diete datorren maiatzaren 29rako antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzeko. Ildo horretan, zehaztu dute langileak, sindikatuak, ikasleak eta, oro har, beren aldarrikapenekin bat egiten duten eragile sozial guztiak gonbidatuta daudela martxa horietan parte hartzera.  

Ordezkari politikoei helarazitako dokumentuan, pentsionistek salatzen dute 2021ean "murrizketa gehiago" izango direla eta Espainiako Gobernuak "pentsioen sistema pribatizatu" nahi duela.  

Azken hiru urteotan "mobilizazio handiak eginez lortutakoa" galtzeko arriskuan dagoela ohartarazi dute, "pentsio publikoak, duinak, justuak eta nahikoak bermatzeko urrats sendoak ematen ez diren bitartean".

Gauzak horrela, pentsionistek 2011n eta 2013an ezarritako murrizketak eta 2010ean eta 2012an egindako lan-erreformak bertan behera uztea exijitzen dute.

Halaber, emakumeen eta gizonen pentsioen arteko arrakalarekin amaitzea eta bikotekidearen pentsioaren % 100a alargunaren pentsioari gehitzea eskatzen dute.

Horrez gain, lege bat egitea galdegiten dute, 40 urte kotizatuta izanik ematen diren aurre-erretiroak zigortu ez daitezen.

"Pentsio sistema publiko duina bermatu gabe eta lan eta pentsio erreformak bertan behera utzi gabe igarotzen den egun bakoitzeko prekarietatea eta pobrezia areagotu egiten dira", ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Manifestazioak Pentsioak