Ekonomia -
Gatazka
Metro Bilbaoko langileek Pregoren dimisioa exijitu dute
Adierazi dutenez, Pregok langileen ordezkariekin izan duen jarrera "erabat deitoragarria" izan da. "Metro Bilbaon eragile ezberdinen arteko erlazioak apurtuta daude, eta Prego da horren arduraduna".
Erredakzioa
Metro Bilbaoko greba batzordeak (ELA, LAB, CIM, UGT eta ESK) Jose Ignacio Prego kontseilari delegatuaren dimisioa exijitu du gaur goizean, gatazkaren "benetako erantzulea izateagatik".
Sindikatu horietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bilboko Areatzan, 'Prego, dimisioa' lelopeko pankarta baten atzean.
Adierazi dutenez, Pregok langileen ordezkariekin izan duen jarrera "erabat deitoragarria" izan da. "Metro Bilbaon eragile ezberdinen arteko erlazioak apurtuta daude, eta Prego da horren arduradun nagusia".
"Erakundeak, politikariak eta hiritarrak Metro Bilbaoko langileen aurka jarri ditu Pregok eta datuak eta informazioa ezkutatu dizkio metroko arlo sozialari", salatu dute.
Gaur, Bilboko metroko langileek hiru orduko lanuztea egin dute gaur goizean (9:45etatik 12:45etara). Ordu horietan hiru trenetik bakarra izan da zerbitzuan.
"Manifestazio handi bat"
Bilboko Metroko greba-batzordeak urtarrilaren 19an "manifestazio handi bat" antolatu nahi du Bilbon, eta proposamen hori aztertzeko eskatuko die langileei hurrengo batzarrean.
Greba-batzordeak urtarrilaren 12an, 19an eta 26an deitutako lanuzteak mantendu nahi ditu eta, arestian esan bezala, urtarrilaren 19an "manifestazio handi bat" antolatu nahi dute Bilbon.
Horretaz guztiaz hitz egiteko eta negoziazioaren berri emateko, langileekin bilduko dira urtarrilaren 11n.