Ekonomia -
Aloikairuko etxebizitzak
Jaurlaritzak % 10 igoko du Bizigune programan gehienez jaso daitekeen errenta
Iñaki Arriola sailburuak iragarri duenez, gobernua finantza arau bat prestatzen dabil, eta uda osterako indarrean egotea espero du.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak % 10, 650 euroraino, igoko du Bizigune programan etxejabeek gehienez jaso dezaketen alokairuko errenta. Bizigune Etxebizitza Hutsen Programaren bidez erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei, etxebizitza duin bat arrazoizko prezioan lortu ahal izan dadin.
Iñaki Arriola Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio sailburuak Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako saioan egin du iragarpena, Eneko Andueza legebiltzarkide sozialistak egindako galdera bati erantzunez.
Arriolak gogorarazi duenez, EAEn 15.149 etxebizitza huts daude, etxebizitza guztien % 1,4. Sailburuaren hitzetan, "ez da kopuru makala".
Hain justu, aurreratu du Jaurlaritzak etxebizitza hutsari buruzko dekretu bat lantzen ari dela, "laster" onartuko duena. Dekretuaren bidez, alokairua sustatzeko neurriak jarriko dituzte martxan eta etxebizitzak "inongo justifikaziorik gabe" hutsik dituzten jabeak zigortzeko baliabideak izango dituzte. Hori horrela, honakoak aurreikusi dituzte: urtero "kanon" bat ordainaraztea, "alokatzera behartzea, eta muturreko kasuetan, nahitaezko desjabetzea".
Horrez gain, eta Bizigune programako baldintzak hobetu nahian, Jaurlaritza etxejabeek kobratu dezaketen gehienezko errenta igotzea ahalbideratuko duen finantza araua prestatzen ari da. Arriolaren esanetan, uda ostean egongo da indarrean.