Itxi

2021/06/02

22:00

Ekonomia

4 ORDUKO LANUZTEA

Enpleguaren aldeko protesta eguna Aiaraldean

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

"SOS Aiaraldea" lelopean, 4 orduko lanuztea egin dute 10:00etatik 14:00etara, eta eguerdian egin dute deitutako bi manifestazioetako lehena, Laudiokoa; arratsaldean, Amurrion izan da bigarrena.

1:20
Laudio, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aiaraldea kalera atera da gaur eskualdeko enplegua defendatzeko eta hainbat enpresatan egin diren kaleratzeak salatzeko.

"SOS Aiaraldea" lelopean, Aiaraldeko hainbat eragile sozial, sindikal eta mugimenduk deituta, lau orduko lanuztea egin dute gaur Aiaraldean, eskualdearen etorkizunaren alde. Lanuztea 10:00etan hasi da eta 14:00ak arte iraun du, eta eskualdeko sektore ia guztietan bat egin dute horrekin, saltokiak eta ostalaritza salbu.

Gainera, lanuzte deialdi horren barruan, Aiaraldeko hainbat sektoretako langileek manifestazioa egin dute gaur Laudion, "SOS Aiaraldea" lelopean, eta irtenbideak eskatu dizkiete euskal administrazioei.

Martxa jendetsua 11:00etan abiatu da Laudioko Herriko Plazatik, eta eguerdian amaitu da toki berean. Laudioko eta Amurrioko Tubacexeko lantegietako langileak bertan izan dira; 122 egun daramatzate greban, 129 lanpostu sunstitu dituen lana erregulatzeko txostenaren aurka.

Tubos Reunidoseko eta Artiacheko langileak ere bertaratu dira, eta pentsiodunen kolektiboak eta mugimendu feministak ere bat egin dute protestarekin, baita Amurrioko Zabaleko ikastetxeko eta egoitzetako langileek ere, besteak beste. Ostalaritzako eta merkataritzako langile askok, lanuztera deituta ez zeuden arren, establezimenduak itxi dituzte manifestazioarekin bat egiteko.

LABek ohar baten bidez jakitera eman duenez, manifestazio amaieran manifestu bat irakurri dute deitzaileek, eta gogorarazi dute langileen eskubideak "sistematikoki degradatzen dituzten politika kapitalistak" ez direla "iritsi ezin garen lekuetan" egiten; aitzitik, "hemengo politikariek ere" ezartzen eta gauzatzen dituzte.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari, erakunde publikoei eta tokiko erakundeei eskatu diete herritarren eta gizarte mugimenduen aldarrikapenei erantzun diezaieten eta gaur egun eskualdeak duen egoera horretara iristeko beraiek dituzten erantzukizunak beren gain har ditzaten.

Era berean, enplegua aktibatzeko eta zonaldea suspertzeko politikak eta ekimenak martxan jartzeko deia egin diete erakundeei.

Manifestuan, kalea hartzeko, ahotsa altxatzeko eta Aiaraldeak lanpostuei eusteko borrokan "atzerapausorik ez emateko" eskatu diete herritarrei.

Arratsaldean, aldarrikapenak Amurrioko kaleak hartu ditu, 19:00etatik aurrera manifestazioa egin baitute bertan. Saltokietako jabeei manifestazioa egin bitartean negozioak itxi ditzaten eskatu diete.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;